GARA
EIBAR

Kontseilua:«Hizkuntza eskubideen aurkako doktrina da Eibarko epaia»

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko ...eta kitto! euskara elkarteak Eibarko Udalaren aurkako sententzia salatu dute, eta hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldiaren barnean kokatu. Administrazioa euskalduntzeko urratsak egiten jarraituko dutela adierazi dute.

Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko protesta egin zuten Pasai Antxon apirilaren 14an.
Euskararen aurkako oldarraldia salatzeko protesta egin zuten Pasai Antxon apirilaren 14an. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez «hizkuntza eskubideen aurkako doktrinan sakontzea» da Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak Eibarko udaltzainari arrazoia eman izana. Izan ere, pasatu den astean epaitegiak aditzera eman zuen udaltzainak jarritako helegitea onartu zuela. Langileak helegitea aurkeztu zuen, euskara jakin gabe lanean jarraitu ahal izateko, argudiaturik Udalak jarritako euskara eskakizuna «baztertzailea» dela.

Kontseiluak eta Eibarko …eta kitto! euskara elkarteak euskararen normalizazioaren eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldi judizialaren barnean kokatu zuten sententzia hau. Ohar baten bidez azaldu zuten Auzitegia «juridikoki eztabaidagarria den» 2023ko Laudioko beste sententzia batean oinarritzen dela eta horrek herritarren «hizkuntza eskubideen aurkako doktrina» sakontzen duela.

Sententziaren arabera, 2017tik Eibarko Udaltzaingoak gutxienez zazpi kexa jaso ditu herritarren hizkuntza eskubideen urraketei lotuta, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokian ere herritarren hainbat salaketa jaso direla aipatu zuen Kontseiluak.

«Gogoratu behar dugu administrazio publikoak duela herritar guztien eskubideak bermatzeko betebeharra, eta horretarako ezinbestekoa da langile publiko guztiek bi hizkuntza ofizialen ezagutza izatea», adierazi zuen Kontseiluak.

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eibarko Euskara Elkarteak babesa agertu zioten Eibarko Udalari, sententziari helegitea jarri eta prozedura judiziala «azkeneraino» eraman dezan. Eta hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egin zieten «oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak» har ditzaten.

«URTEETAKO UTZIKERIA»

ELAk salatu zuen administrazioek orokorrean eta, kasu honetan bezala, udalek «urteetan utzikeriaz jokatu» dutela langileak euskalduntzerakoan, eta «urte luzez lanean aritu eta bere lanpostuari dagokion euskara eskakizuna bete gabe langile andana dagoela euskal administrazioetan». Ondorioz, administrazioan euskarazko zerbitzua ez dagoela bermatuta esan zuen sindikatuak.

LABek salatu zuen «euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia» dela. Eta administrazioetako langileen egoeraren bi elementurekin lotu zuen hausnarketa: «Administrazioetako langileen gehiegizko behin-behinekotasun egoerarekin amaitzeko, egonkortze prozesua euskararen kaltetan ezin da izan».