Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Berriro

Gerra oro bitan borrokatu egiten da: guda-zelaian lehenengo eta memoriaren gainean gero. Viet Thanh Nguyenen “Nothing Ever Dies: Vietnam and the Memory of War” (Ezer ez da betiko hiltzen: Vietnam eta gerraren memoria, 2016) liburutik harturiko esaldia da, berriki estreinaturiko egile beraren “The Sympathizer”-en (Ulerkorra, 2015) telesail egokitzapenaren lehen atalak berreskuratu egin duena. Bi lanak, saiakera liburua zein nobela, Vietnamgo gerraz ari dira, gatazkaz eta gatazkari buruz gogoratu egiten dena, betiere vietnamdarren ikuspuntua eta esperientziak erdian jarrita. Biek Nguyenek bidezko memoria edo memoria justua izendatzen duena praktikan jartzen dute: “gu”-a bera eta haren gizatasuna aintzat hartu ez ezik “beste” izendatutakoaren gizatasuna zein “gu”-aren ankerkeria ere aitortzea.

Jadanik ez da tabua AEBetako ikasgeletan Vietnamen estatubatuarrek egindako sarraskiak aipatzea. Gaur egungo jarrera gerra garaian nagusi zenaren oso bestelakoa da: orduan Poliziak gogor jazarri zituen unibertsitate campusetan zabalduriko ikasle eta irakasle protestak. Unibertsitate campus horiek beraiek albiste dira egunotan ikasle eta irakasleek palestinarren genozidioa salatzeko protesten harira. Orain atzo bezala indarkeriaz erantzun dute unibertsitate administrazioek, iragana berridatziz.