GARA
DONOSTIA

Makusi, haur eta gaztetxoentzat euskarazko lehen plataforma digitala

Haur eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko lehen plataforma digitala da Makusi, EITBk sortua. Marrazki bizidun eta telesailen 100 titulu eta 120 film biltzen ditu. Klub bat ere badu.

Makusiren aurkezpen ofiziala, atzo, Donostiako Kursaalen.
Makusiren aurkezpen ofiziala, atzo, Donostiako Kursaalen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Haur eta gaztetxoentzat euskarazko «unibertso digitala» izateko xedez abiatu da Makusi, EITBk sustatuta. Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, komunitate berri honetan nagusi izango da «euskarazko entretenimendua», baita haur eta gaztetxoek online esperientziak «modu seguruan» bizitzeko bidea ere.

«Makusik gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei, edukien eskaintzarik onenarekin eta teknologiarik puntakoena erabilita, gailu eta ingurune guztietatik sartu ahal izateko.

Gisa honetan, kontsumo ohitura berrietara egokitzen jarraitzen du EITBk, baita haur eta gaztetxoen artean ere», azaldu zuten.

Makusik bi zutabe izango ditu: plataforma eta kluba. Lehena doako plataforma digitala da, eta marrazki bizidunen eta telesailen 100 izenburu baino gehiago (5.800 atal orotara) eta 120 pelikula biltzen ditu, denera 1.700 ordutik gorako eskaintza, nabarmendu zutenez. Edukiak adinaren arabera sailkatuta daude eta bakoitzak sustatzen dituen balioen deskribapen fitxa ere erakusten du.

Hiru saio propio ere estreinatu dituzte, Makusiren edukien zerrendan daudenak. “Potx eta Lotx”, txikienentzako pailazoen programa; “Kalaxka”, Aritz Mendiolak eta Anepe Acedok aurkeztutako gaztetxoentzako aktualitatezko magazina; eta “Power Up”, euskaraz sortutako fikzioa, «bideojokoaren mundua oinarri hartuta, nerabeen eguneroko gaiak eta arazoak jorratuko dituena». Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte izango dira protagonistak.

Edukietarako sarbidea doakoa den arren, erregistratu egin behar da, eta gailu nagusietan dago eskuragarri: www.makusi.eus webgunean, mugikor eta tabletetan (aplikazioa Google Playn eta App Storen bidez jaitsita), eta EITBko hbbTV zerbitzuan (botoi gorria).

Makusi kluba ere aurkeztu zuten. Honetarako sarbidea webgunearen bidez izango da, eta hainbat abantaila eskainiko ditu, tartean zozketak eta lehiaketak, ikuskizunetarako sarrerak, erabiltzaile txartel digitala… Makusi klubeko kide egitea doakoa da.