Surflari Ernegatua

Ernegatuago

Amaitu dira oporrak. Bost hilabeteko geldialdiaren ostean bueltan naiz. «Inoiz baino gogo gehiagorekin» esan beharko nuke, baina ez da horrela, erreleboaren zain jarraitzen dut, nahiz eta, garai berriak nola datozen ikusita, itxaropen oro galtzeko zorian naizen. Lehen baino surflari gazte gutxiago dagoela uste dut; irudipen hori daukat. Gaztea diodanean 25 urtetik beherakoez ari naiz, ez naiz gaztetasuna norberaren buruan dagoela dioen horietako bat.

Ni ere eskasten ari naiz. Adibidez, aurreko esaldian lehenik honakoa idatzi dut, «ez naiz gaztetasuna norberaren buruan dagoela dioen inozo horietako bat», baina gero “inozo” hitza kendu dut egun edonor iraindua sentitzea errazegia delako. Ondorioz, erreleboaz hitz egin behar badut, kontu handiz idatzi behar dudala ohartzen naiz, giza multzo zaurgarririk bada, hori gazteek osatzen baitute gaur egun. Auskalo arrazoiak zeintzuk diren; besteen artean egon daiteke egun nerabeei ezin zaiela matraileko bat eman, ezta merezi dutenean ere. Beraz, ikusten dudana esatera mugatuko naiz. Surf eskolan lan egin nuen 22 urtetan ikusi nuen aldaketa hori nola eman zen. Nire ustez okerrera izan zen, nahiz eta nire ingurukoek nirekin bat egiten ez duten. Batez ere guraso bilakatzen direnean.

Surflari gazte gero eta gutxiago dago, baina hori bakarrik ez, astelehenero bi orri idazteko prest egongo diren surflari posibleak oso gutxi dira. Eta horri GARAn idazteko prestutasuna gehitu behar zaio, hedabide independente batean lan egiteak ahalegin handia eskatzen baitu, baliabideak ere urriak baitira. Finean militantzia da, eta hori ere maldan behera doan balorea da.

Bai, zahartzen eta erretxintzen ari naiz. Adinean aurrera egin ahala, garai berrietara egokitzeko eskatzen didate ustezko lagunek, baina egiaz eskatzen didatena beste zerbait dela ohartzen naiz, alegia saltzea, nire printzipioak (eskasak izan arren) alde batera utzi eta nire izateko moduari traizio egitea. Horri deitzen zaio egun «egokitzea».

Nik neuk jarri nion nire buruari «surflari ernegatua» izena, ezagutzen baitut nire buru handi hau, baina ez dut aldatzeko asmorik. Ez baitut ezagutzen «okerrera» noala diotenek hartu duten bidea baino okerragorik. Sentitzen dut (beste faltsukeria bat) norbait iraindu badut, aurrerantzean ere hemen izango nauzue, purrustak boatzen eta jainkoa banintz bezala mintzatzen, zeren ezin diot iskin egin nire izateari...