Andoni ARABAOLAZA
Denboraldiko hitzordu nagusia

Ueli Steckek itzali egin du frantziarren igoera bikaina Annapurnako hego paretan

Astebeteko lanaren ostean, urriaren 24an, Yannick Grazianik eta Stephane Benoistek gailurra jo zuten. Ueli Steckek bukatutako bidetik igo ziren, baina hainbat aldaera egin zituzten. Jaitsiera gogorra izan zuten.

Yannick Graziani eta Stephane Benoist frantziarrak beren herrikide Pierre Beghinek eta Jean-Christophe Lafaillek 1992. urtean Annapurnako hego paretan hasitako lana bukatzen lehenak izan balira, alpiniston jardueraren oihartzuna askoz ere zabalagoa eta garrantzitsuagoa izango zatekeen. Baina tartean Ueli Steck aurreratu zitzaien, eta hein batean bederen, suitzarrak itzali egin du bi frantziarron eskalada.

Steckek eta sokada frantziarrak zortzimilakoaren hego hormatik igotzeko baimena partekatu zuten. Asmo bera zuten: Beghin-Lafailleren bidea amaitu. Steckek bakarka, eta frantziarrek sokadan. Eta, jakina, denak estilo alpinoan. Alabaina, han gertatutakoa oso ezberdina izan zen. Suitzarrak Beghin-Lafailleren bidea amaitzea lortu eta mendia igo eta jaitsi 28 ordutan egin zuen. Graziani eta Benoist ere marra beretik igo ziren, baina hainbat aldaera eginez. Hauek zazpi eguneko lana behar izan zuten.

Frantziarrak girora egokitzen ari ziren bitartean, suitzarraren mezu bat jaso zuten: «Gailurrera abiatuko naiz». Urriaren 9a zen. Graziani eta Benoist kanpaleku nagusira itzuli zirenerako Steckek alde egin zuen; hori bai, gailurra poltsikoan zuela. Botatako elurrarengatik (30-40 zentimetro), astebete geldirik behar izan zuten egon. Hilaren 17an, paretara abiatu ziren. Elurroldeak saihesteko, couloir nagusia alde batera utzi eta ezkerrean dagoen harkaitzezko espoloi batetik eskalatzen hasi ziren.

Muturreko jaitsiera

Lehen bibaka 6.100 metrora egin zuten. Ondoren, couloirra zeharkatu (70 graduko aldatsak) eta 6.650 metrora bigarren bibaka atondu zuten. Hain zuzen ere, bibak hori japoniarren bidean zegoen; frantziarrek 2010. urtean eginiko saiotik ezagutzen zuten. Eguraldiak txarrera egin zuen, eta protagonistok bibak horretan beste hiru gau pasatu zituzten.

Urriaren 21ean, bestalde, headwallera (7.100 m) heldu ziren. Benoistek lau luze gogor eskalatu zituen; horietako bi oso tente izotz finean eta aseguratzeko aukerarik ematen ez zutenak ziren. Biharamunean, bidearen zatirik korapilatsuena eskalatu zuten; besteak beste, 90°-ko bi luze igo zituzten. 7.400 metrora beste bibak bat egitea egokitu zitzaien. Benoistek adierazi duenez, eskalatutako tarte horretan friend zahar eta mosketoi bana aurkitu zituzten: «Ziur aski Beghin eta Lafaillek utzitakoak ziren. Horretaz gain, 7.200 metroko garaieran Stecken urratsak ikusi genituen».

Urriaren 23an, azken zailtasun teknikoak gainditu eta azken bibaka (7.550 m) egin zuten. Gailurrera 24an iritsi ziren, eta segituan jaisten hasi ziren. 7.400 metrora zirela, Benoistek arazoak zituen. Haatik, Grazianik kanpaleku nagusi aurreratura gidatu zuen, eta han helikoptero batek atera zituen. Benoistek izozte larriak izan ditu oinetan zein eskuetan, eta hainbat hatz eta behatz moztu dizkiote.