Jon LEUNDA
Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala

Prest daude denak txapelik preziatuena lortzeko

Nazabal, Azurmendi, Otaño, Atutxa, Olasagasti eta Irazu neurtuko dira bihar eguerdian Elgoibarren.

Elgoibarko Olaizaga kiroldegian jokatuko da bihar, 12.00etan, Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Hauxe izaten da aizkora-jokoko egunik garrantzitsuena, denen ametsetako eguna.

Bertan, urriaren 12an Asteasun jokatu zen kanporaketako sei onenak ziren izatekoak, baina aldaketa bat egongo da. Jon Rekondok istripua izan du, eta bere ordez kanporaketan zazpigarren amaitu zuena, Jon Irazu zizurkildarra, lehiatuko da.

Berarekin batera, Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño, Aitzol Atutxa eta Joxemari Olasagasti neurtuko dira. Bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enbor erdibitu beharko ditu.

Floren Nazabal da txapela irabazteko faborito nagusia. Bera da, gainera, egungo txapelduna ere. Kanporaketan ere bera izan zen onena, eta hasi aurretik denek bera ikusten dute txapeldun. Hala ere, Etxarrikoak lana gogotik egin beharko du amaieran aurreikuspenak bete nahi baldin baditu.

Iñaki Azurmendik ere badaki txapela lortzea zer den. Arriarangoa ongi dago, eta primeran doakio lan hau. Ez du hutsik egiten, eta badaki bere lana egiten. Zerbait gertatu ezean, hortxe goian ibiliko da, eta bera izan daiteke nafarraren aurkari nagusietako bat.

Unai Otaño ere oso kontuan hartzeko aizkolaria da. Bolada onean heldu da txapelketara, eta askok Nazabal gehien estutu lezakeena dela uste dute. Bere helburuetako bat podiumean sartzea izango da, eta garbi dago, besteak bezalaxe, Nazabalek hutsik egiten badu, txapela jazteko prest egongo dela.

Joxemari Olasagasti da finaleko aizkolaririk beteranoena, eta txapel ugari jantzitakoa, gainera. Bera gutxik hartzen dute kontuan, baina beti faboritoen zerrendan sartu beharrekoa da. Igeldokoak bere lana egingo du, eta agian ezusteren bat eman ere bai. Urteetan aurrera doa, baina oso maila onean dago.

Aitzol Atutxa izango da txapelketa honetako aizkolaririk gazteena. Bizkaitarra ere sasoi betean dago, eta askok eta askok etorkizuneko txapeldun gisa ikusten dute. Azken urte hauetan finaletan sartuz dabil, eta bere buruari presiorik egin nahi ez dion arren, podiumeko leku horietan ibili beharko luke. Mutil handia da, eta kolpe handiko aizkolaria da. Berea egiten badu, lanak emango ditu.

Finalik zailena Jon Irazurentzat izango da, ustekabean heldu baitzaio hor egoteko aukera. Zazpigarren izan zen kanporaketan eta, beraz, finaletik kanpo geratu zen. Elgoibarren aritu behar zuena Jon Rekondo zen, baina leitzarrak istripua izan du, eta une honetan ez dago aizkoran aritzeko moduan. Zizurkildarrak bere lekua beteko du, eta oso zaila da hamar egunetan honelako final bat prestatzea. Lehen aldia izango du, gainera. Orain bi urte Hirugarren Mailan zegoen, eta bigarren amaituz lortu zuen Bigarren Mailarako txartela. Maila horretan iaz txapela lortu zuen; aurten Lehen Mailan aritu ahal izan da, eta bere ametsa beteko du. Zaleek berarengan ere itxaropen handia jarrita dute.

Ikusmina ere handia izango da, azkenaldian aizkolarien maila oso berdintsua baita eta edozer gerta baitaiteke. Saio dotorea eta estua izango ote den errezeloa dago, nahiz eta horretarako aizkolariek egin beharko dute lan. Kanporaketa ere oso polita izan zen, denbora gutxiren barruan aizkolari ugari sartu baitziren, eta hor ikusten da denen artean nolako alde txikia dagoen. Finalaren ostean apusturen bat edo beste aterako ote den ustea ere badago.

Seitik hiru, txapelak lortutakoak dira

Bihar eguerdian jokatuko den Euskal Herriko finalean arituko diren sei aizkolarietatik hiru txapelak lortutakoak dira. Floren Nazabal, Joxemari Olasagasti eta Iñaki Azurmendi dira horiek. Nazabalek sei aldiz lortu du Euskal Herriko onena izatea. Aurreneko garaipena 2002an heldu zen. Handik bi urtera, bigarrena. Hirugarrena, berriz, 2007an heldu zen, eta ondorengo bi urteetan ere bera izan zen onena. Azkenekoa iaz irabazi zuen Etxarrikoak.

Olasagastik ere sei aldiz irabazi du txapel preziatu hau. Aurrenekoa 1996. urtean izan zen. Bigarrena, bi urte geroago, eta 1999an ere berak irabazi zuen. 2001. urtean lortu zuen bere laugarren txapela, eta bosgarrena, berriz, 2005ean. Azkenekoa, 2010ean.

Iñaki Azurmendik, berriz, behin bereganatu du urteko lehiaketarik garrantzitsuena, eta hori orain dela bi urte izan zen. Beste hirurek oraindik ez dakite garaipen hau zer den, baina denek amesten dute. Floren Nazabal da azken hamarkada honetako nagusia, baina batzuetan tartean beste norbait sartu izan zaio.J.L.