IKUSMIRA
IKUSMIRA

Ipar Euskal Herriak beharrezko ahotsa galdu du

Azken eguna du gaur «Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta»-k. Ez da albiste ona hedabide baten hestea, are gutxiago ikuspegi ofiziala baizik defendatzen ez duen monopolioarekin lehian aritzen den ahotsa izanik. Demokrazian hain beharrezkoa omen den aniztasuna ez dago zorioneko. Ipar Euskal Herrian frantsesez euskara defenditzen duen hedabidea (euskara frantsesez eta gaztelaniaz ere defendatzen baita, defendatu behar baita) desagertu da, lurraldetasuna, gai sozioekonomikoak, politikoak, kulturalak... desberdin, herri ikusmoldearen bitartez, plazaratzen dituen hedabide batek atea hetsi behar du, arazo ekonomikoak tarteko. Hamabi urtez informazio eta eztabaidagune askea izan ondoren, sortzetik beretik kontra zuen testuingurua patar gogorregia izan du. Teknologia berrien eta krisi ekonomikoaren ondorioz kazetaritza kolpatzen duen krisi orokorraz gain, instituzioen boikot ahalkegarria jasan du «Euskal Herriko Kazeta»-k, eta boterearen diskurtsotik kanpoko eztabaida sustatu izana ordaindu du.

Ipar Euskal Herriak bere hizkuntza, kultura, garapena, bere bide propioa, aldarrikatzeko ahots garrantzitsu eta beharrezkoa galdu du. Horregatik, beharrezkoa da kazeta horren lekukoa hartuko duen proiektu baten inguruko gogoeta. Eta horregatik, espero izatekoa da gogoeta hori luze gabe abiatu eta ahots bilakatzea. Agian bai.