GARA

Galdera adostu dute Etxarri Aranazko galdeketarako

«Nahi al duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan?» izango da heldu den apirilaren 13an Etxarri Aranatzen egingo den herri galdeketako galdera. Hala erabaki zuten atzo herritarrek egindako batzarrean.

Lehen bozketan eta sei aukeren artean hoberena zela erabakita zehaztu zuten Etxarri Aranazko bizilagun hainbatek datorren apirilaren 13an egingo den herri galdeketako galdera. «Nahi al duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan?» izango da galdeketara bertaratzen direnek baietzarekin edo ezezkoarekin erantzun beharko dutena.

Apirilak 13 herri ekimeneko kideek nabarmendu duten moduan, galdeketaren nondik norakoak ez ezik, haren funtsa izango den galdera bera ere adostasunez erabakitzeko gai izan dira herritarrak.

Herri ekimeneko kide Manu Gomezek azaldu zuenez, azken batean, «herriari galdera egin nahi dion herri ekimen bat» da hau, eta ideia eta erantzun guztiek lekua izan dezaten nahi dute.

«Galdetzea ez da arazo»

360 herritarren sinadurarekin eskatu zioten Etxarri Aranazko Udalari autodeterminazio eskubidearen inguruko herri galdeketa egin zezan, eta horri erantzunez, udalbatzak «Europako estatu independente berri bateko parte» izateari buruz galdetzea erabaki zuen.

Udalaren eskumenekoak ez diren gaiei buruz galdegingo litzatekeela argudiatuta Nafarroako Gobernuak galdeketa bertan behera uzteko eskatu zuen astebete beranduago. Herri ekimenak bere erabakian aurrera egitea erabaki zuen, ordea, galdera egiteko erabakia «gehiengoarekin eta demokratikoki» hartua izan zelako. Galdeketaren alde bozkatu zuten Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk, eta kontra, berriz, PPko bakarrak. Era berean, herri galdeketak arautzen dituen foru legeak zehaztutako prozedura behar den moduan jarri zuen abian.

Galdeketaren harira arazorik izango ote den galdetuta, Manu Gomezek «galdera bat egin nahi izateak ez duela inoiz arazorik ekarri behar» argudiatu zuen atzo, eta «galdera bati erantzuna emateak ere ez».