IKUSMIRA
IKUSMIRA

Japonia etaTxina: oraingoz, hitzezko gerra hotza

Ozeano Pazifikoan gerra hotza dabil, gerra hotsen burrunba, gerrarako hitzen borroka bizia. Diayou/Senkaku irlen gaineko zalaparta ez denean, Bigarren Mundu Gerrako kriminalen oroitarri batera egindako bisita da; edo Japoniako telebista publikoaren buruak Nanjing-eko masakrea ukatzea, baita, «konfort-erako emakumeen» praktika normala zelakoan, Japoniako armada inperialak bortxaz antolatu zuen prostituzio armada-gorputzak ukatzea ere. Japoniak xaxatuta eta Txinak -baita beste hein batean Hego Koreak ere- hauspotuta, gerra hotzaren mentalitatea nagusitu da, horizontean armamentu-norgehiagoka eta eskualde haren kontrola borrokarako arrazoi. Tentsioak gora eta gora egiten jarraitzen du, elkarri hain mesfidati begiratzen dioten bi etsaien artean, eta aski dituzte historia, hitzak, keinuak edo izenak aitzakia hartzea tentsioa are goratzeko.

Elkarrekiko oso susmagarri diren bi herrialde ditugu, beraz, etsaitasun historia sakon batekin, bi sistema eta kultura politiko arras ezberdinekin, biak ala biak bestearen mehatxuari aurre egiteko jarrera eta lehia militarista batean buru-belarri sartuta. Biek diote bakea maite dutela, baina bestearekiko taktika eta hitz gerlariak erabiltzen dituzte. Eta hori oso arriskutsua da. Izan ere, jakina da, iragan mendeko gerra hotzean gertatu bezala, tentsioak ez direla amaituko bi aldeetako batek garaipena eskuratu arte.