IKUSMIRA

Trebiñu: auzi demokratikoa estatu-auzi bihurtuta

Trebiñu administrazioari dagokionez ere Arabarekin bat egiteko lege ekimena eztabaidatu eta bozkatu zuen atzo Gasteizko Parlamentuak. EAJk, EH Bildu eta PSEk aldeko botoa eman zuten. Hartara, talde horien ordezkari banak eramango dute eskaera Madrilgo Kongresura, Gasteizko Legebiltzarraren gehiengo handi-handiak erabaki bezala. Gaztela eta Leongo Parlamentuak erabaki horren aurkako gehiengo handia, handiagoa, erakutsi izan du, eta berdin egingo bide du Madrilgoak; hala ere, gehiengo horien xedea ez da auzi horretan aintzat hartu beharreko gehiengorik garrantzitsuena babestea, Trebiñuko herritarren nahiak biltzen duena, alegia; aitzitik, nahi horri entzungor egiten diote aspaldi luzetik. Aspaldi luzetik aldarrikatu izan baitute trebiñarrek beren arabar izaera eta gainerako arabar eta euskal herritarrekiko harremanak maila guztietan, bizikidetza hori, kultura, historia eta gaur egungo trebiñarren borondatea, legez ere onartzea eskatuta.

Madrilera eramango dute, beraz, trebiñarren eskaera. Han, PPren jarrera ez da ezustekoa izango, ezta PSOErena ere, alderdi horretako eledun Soraya Rodriguezek eskaera horri «erantzun sendoa» -errefusatzekoa, jakina- emango diola bere taldeak iragarri baitzuen atzo, auzi demokratiko hutsa dena PPrentzat bezala PSOErentzat ere estatu-auzia dela argi utzita. Defentsiban dagoen estatu baten erantzun tamalgarri eta onartezina.