GARA DONOSTIA

Martxoaren 8an jokatuko da Heletan bi mila bikote bildu dituen Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala

Joan den asteburuan jokatu ziren Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako seigarren txapelketaren herrialdeetako kanporaketak, eta dagoeneko ezagunak dira bikote irabazleak. Gipuzkoako muslari txapeldunak Odei Arregi eta Beñat Lopez dira. Atzoko eta gaurko muslarien arteko lehian Tolosako 20 urteko gazteak atera ziren garaile Orioko Herriko Plazan.

Araban, aldiz, Laudioko Koldo Larrinaga eta Andoni Unzaga izan ziren onenak Laudioko Gure Aukera elkarteko jokoan.

Bizkaiko txapeldunak Zeberioko Karlos Arroita eta Ina Arroita izan ziren, eta Lapurdikoak, Sarako Pipo eta Chistelle Eyharrabide senar-emazteak. Bilboko Alde Zaharreko Akerrenea elkartean izan zen lehen mus saioa, eta Urruña-Pausuko Xaia Ostatuan bigarrena.

Nafarroan, Iruñeko Arrano eta Bullizio elkarteetan jokatutako partidetan, Antsoaingo Aitor Coronado eta Ion Kobo izan ziren garaile. Zuberoako finala Urdiñarben jokatu zen atzo arratsaldean eta Catalogne Hubert eta Bixente Goyhenexpe gailendu ziren. Atzo gauean ez zegoen Nafarroa Behereko daturik.

Datorren martxoaren 8an jokatuko da final nazionala, Heletan, eta bikote irabazleez gain, herrialde bakoitzetik bertze 15 bikote sailkatu dira lehia horretan parte hartzeko.

250 herri, 50.000 euro...

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urtez urte gora egin du parte-hartzaile kopuruak eta 2014ko txapelketa honetan bi mila bikoteren muga gainditu dute. Gutxi gorabehera Euskal Herri osoko 250 herritan izan dira saioak. Azaro, abendu eta urtarrilean herrietako kanporaketak egin zituzten eta joan den asteburuan, herrialdeetakoak. 50.000 eurotik gora banatuko dituzte sarietan.