IKUSMIRA
IKUSMIRA

Ez justizia ez biktimak ez dira berdinak

Estatu espainolean justizia berdina omen da denentzat. Hala esaten dute hitzetik hortzera bertako instituzioetako arduradunek, hala esan zuen orain aspaldi ez dela Estatu horretako buruak ere. Justizia horren ondorioak jasaten dituzten askok, ordea, badakite hori ez dela egia. Gezurra dela, alegia. Atzo, Auzitegi Nazional espainolak Pablo Hasel rap abeslari katalanari ezarritako zigorraren berri eman zuen; haren abestiek «terrorismoa goratzen» dutela iritzita, bi urteko kartzela zigorra ezarri dio, adierazpen askatasuna Rouco Varelarentzat gordeta. Izan ere, Madrilgo artzapezpikuak Adolfo Suarezen hiletan 36ko estatu kolpea zuritzea ez da kolpismoaren eta faxismoaren apologia, antza. Egunotan Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren lau euskal gazteek ere badakite justizia ez dela denentzat berdin -inkomunikazio aldian egindako adierazpenak oinarri, berrogeitaka urteko zigorra eskatzen diete-. Euskal presoek eta beste askok ere -neurriz kanpoko zigorrak oso-osorik eta etxetik urrun bete behar dituztenek- badakite ez dela hala. Baina Miguel Angel Peñak ere, Angel Berrueta okin iruindarra orain dela hamar urte hil zuenak, badaki justizia espainiarra ez dela denentzat berdin. Bere zigorraren bi herenak bete bezain laster baldintzapeko askatasuna onartu dio Zaragozako epaitegi batek, delitugileak eta biktimak ere ez baitira berdinak justizia espainiarraren begietan.