IKUSMIRA
IKUSMIRA

Biktimen aurkako eraso, mespretxu eta iraina

Estatuko abokatuak, Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak eskatuta, Estatuaren indarkeriak 1960 eta 1978 bitartean eragindako biktimak laguntzeko dekretuaren erreformaren aurka egin izana orain artean edozein biktimari egin zaion irainik handiena da. Biktimen izenean eskubide eta askatasunik oinarrizkoenak urratzen dituzten berek biktimak -«berenak» ez direnak- baztertu eta mespretxatu egiten dituzte, haien sufrimendua ukatzeraino. Urquijok dekretua baliogabetu eta jasotako kalte-ordainak itzultzeko eskatu du, baina jokaera hori ez da harrigarria gertatzen, pertsona hori ezagututa. Zoritxarrez, herri honetan nahikoa ezaguna da bere jarduera arbuiagarriak direla-eta, hain zuzen. Hala ere, okerra litzateke Urquijo bere kargutik kentze hutsak ezer konpon lezakeela, horrelako eraso gehiago ez litzatekeela izango uste izatea. Karguduna kargudun, ordezkatzen duen instituzioa da arazoa, baina ez herri honetako kolektibo batek edo joera politiko batek daukan arazoa, baizik eta herri honek, bere instituzioak barne, daukana. Behin eta berriro euskararen aurka zein gaur frankismoaren garaiko biktimen aurka egindako erasoa, hemengo instituzioen jarduna eta bakea eta bizikidetzarako bidea moztu nahi duen jarrera, oro har, ez baita Urquijorena bakarrik, berak ordezkatzen duen alderdiarena eta Gobernuarena baizik.