IKUSMIRA
IKUSMIRA

Preso eriak askatzea, premia biziko aldarria

Gasteizko Parlamentuko indar nagusiek Ibon Iparragirre eta gaixotasun larri eta itzulezinak dituzten gainerako presoak aske uzteko proposamena onartu zuten atzo, hirugarren indarra abstenitu egin zen eta gutxiengo urria baino ordezkatzen ez duenak aurka bozkatu zuen. Onartutako proposamenaren argudio nagusia denen giza eskubideen defentsa da, eta gogorarazten duenez, legeak egoera horretan dauden presoei baldintzapeko askatasuna ematea ahalbidetzen du. Izan ere, legediak gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak kaleratzea ahalbidetu eta errazten du egoerak hala eskatzen duenean; hala ere, oztopoa ez dira legeak, sarritan legeak berak urratzen dituen jarrera baizik, salbuespena lege bihurtu duen jarrera, gaur egun PPren Gobernuak ordezkatzen duena. Legeak ahalbidetzeaz gainera, euskal gizartearen gehiengo politiko eta sozialak, herritar gehienek eta haien ordezkari instituzional ugarik eskatzen dute preso horien kaleratzea, lehenik giza eskubideak errespetatzeko, baina baita gatazka zahar bat gainditzeko norabidean aurrera egin nahi dutelako ere. Preso horiek kartzelan atxikitzeak izan dezakeen zentzu bakarra mendekua eta etekin politikoa bilatzea baino ez direlako.

Muturreko egoera da preso horiena; horregatik euskal gizartearen aldarria premia bizikoa da, «berandu baino lehen» gauzatu beharrekoa.