IKUSMIRA
IKUSMIRA

Istilurik ez, baina normaltasuna, oraindik urrun

Txaloak nagusituz doaz, irainak eta txistuak urrituz, urtetik urtera, alarde parekideak Irungo karrikak zeharkatzen dituenean. Poztekoa da, zalantzarik gabe, hiri horretako festetan denen parte-hartzea normalizazio itxura hartuz joatea, alegia, konpainia parekideek giro lasai eta alaian desfilatu ahal izatea, ekinaren ekinez alarde mistoa bultzatu, babestu eta eutsi dioten gizon-emakumeei esker, urtero beren sostengua agertzen dietenei esker. Tristea da, ordea, istilurik izan ez dadin ertzain andana hedatu behar izatea oraindik bazterkeriaren aldeko jarrerek badirautelako, eta horietako bat zenbait instituzio eta alderdi politikoren jarrera onartezin eta ulertezina da. Ulertezina arrazoiaren eta eskubideen ikuspuntutik, jakina; interes propioen ikuspuntutik, ulergarria. Beste instituzio batzuek, hala nola Emakundek, Gipuzkoako Aldundiak, Arartekoak eta Udalbiltzak, berriz, beren erantzukizunei heltzen badakitela erakutsi dute, herritar guztien zerbitzurako erakundeak direla jakitun, alkateari alarde parekideari ere harrera egiteko eskatuta eta haren desfileetan babesa emanda. Baina oraindik lekutan dago normaltasuna. Izan ere, orain arte egindako bidea emankorra izan bada ere, Irungo karrikak bi alardek zeharkatzen dituzten artean, lagun bakar bat alardean zein beste edozein ekimenetan baztertua den artean, ez dago normalizazioaz mintzatzerik.