IKUSMIRA
IKUSMIRA

Denen ondarea babesteko ateak zabaldu behar

Praileaitz altxor handia da, altxor ugariz betetako altxorra, zenbaitentzat negozioak eragozteko baino balio ez duen zuloa bada ere. Praileaitz dirutan ezin balioets daitekeen altxorra da, ordea. Aurkikuntza baliotsuak egin dituzte bertan orain artean, eta beste asko idorotzeko daude. Aranzadiko arkeologoek, zer topatuko duten ez badakite ere, badakite zeren bila abiatu diren, besteak beste, Praileaitz I haitzuloko sedimentu aberatsen sarbidearen bila, hain zuzen, ezinezkoa baita han topatutako sedimentuak haitzuloaren sarrera nagusian barrena iritsi izana. Bigarren ate hori «garaiz» aurkitzea espero dute, 50 metroko babesgunearen urriak premiatzen baititu, duela milaka urteko altxorrak egun batetik bestera xehatu eta lurperaturik gerta litezke eta. Litekeena da Praileaitzen bigarren atea honezkero suntsitu izana. Ez litzateke lehenbiziko aldia, Praileaitzen bertan.

Penagarria da, izan ere, balio historiko eta artistiko ikaragarria duen guneak interes pribatuarekin borrokatu behar izatea. Penagarria zientzia eta kultura jendeak, eta herritarrek oro har, instituzioei Praileaitz babesteko neurriak harrarazi izana, negozio pribatuaren eskubideak denen ondarearen gainetik lehenestearen aurka agertu behar izana. Praileaitzen bigarren atea topatuko ahal dute, baita guztien altxorrak babesteko giltza ere.