GARA

Hamaika emakume hil dira Indian antzutze kanpaina batean

Hamaika emakume hil dira eta beste 50 ospitalera eraman behar izan dituzte Indiako Chhattsigarh estatuan, emakumeak antzutzeko kanpaina batean, tronpak lotzeko ebakuntzaren ondorioz. Bertako biztanleek salatu zutenez, ebakuntza guztiak mediku bakar batek egin zituen sei ordutan, eta egileak zigor ditzatela eskatu zuten egindako protestetan.

Gutxienez hamaika emakume hil dira, horiei tronpak lotzeko ebakuntza egin ondoren, Indiako Gobernuak antolatutako osasun kanpamentu batean, Chhattisgarh estatuan. Gainera, 50 emakume baino gehiago ospitalera eraman behar izan zituzten -horietatik hogeiren bat egoera larrian- joan den larunbatean Pendari herrian, Bilaspur barrutian, egindako ebakuntzen ondorioz. Agintariek ukatu egin dute egotzi dieten zabarkeria, baina biztanleen esanetan, ebakuntzak azkarregi egin ziren.

Herritarrek diotenez, kanpamentuko mediku bakar batek eta laguntzaile batek, sei ordutan, 83 emakumeri tronpen lotura egin zieten.

«Tentsioa jaistea, okadak eta bestelako sintomak izan dituzte», azaldu zuten arduradunek.

Bilaspureko biztanleek kalean adierazi zuten beren haserrea eta medikuen kontrako zigorrak eskatu zituzten. «Heriotzaren arrazoia autopsiaren emaitza izandakoan soilik ezagutuko dugu», esan zuen R.K. Bhang, Bilaspur barrutiko osasun arduradunak.

Estatuko Gobernuak gertatutakoa argitzeko ikerketa agindu du. «Errudunen kontrako neurri gogorrak hartuko ditugu. Hala ere, orain arte, emakumeak laguntzea da gure lehentasuna», adierazi zuen Amar Agrawal Chhattisgargheko Osasun ministroak.

Ez da lehen aldia Indian horrelakoak gertatzen direna. 2010ko urtarrilean bi gizon atxilotu zituzten anestesiarik gabeko antzutze ebakuntzak egiteagatik. Halaber, familia pobreei emakumeak antzutzeko dirua emateagatik hainbat salaketa jarri dira.

Gaur egun Indiak 1.250 milioi biztanle ditu eta hazkunde demografikoak gobernukide asko kezkatzen ditu, 2030ean Txinako biztanle kopurua gaindituko duela aurreikusten dute eta. Datozen hamarkadetarako familia planak bultzatu dituzte, herritarrak seme-alaba gutxiago izateko konbentzitzeko. Maiz antzutze kanpamentuak antolatzen dituzte emakumeei tronpen lotura eta gizonei basektomia egiteko.

Helburuak betetzeko premiak eragiten dituen ondorioak salatzen dituzte GKEek eta emakume asko baldintza mediku txarretan antzutzera behartuta daudela.

1970ko hamarkadan horrelako kanpamentu bat ixtea lortu zuten, milaka pertsonek antzutze kanpainan parte hartzera behartu zituztela salatu ondoren.