Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Michelleren buruko zapia

Azkenean, Michelle Obamak Saudi Arabiako errege berriaren aurrean ez zeraman buruzapian egon daiteke, bai, agintari estatubatuarrek Riadera egin berri duten ezusteko bisitaldiaren interpretaziorako giltzetako bat. Zeharka. Itxura protokolarioaren flash txikiak argitu dezake bestela erabat ilunpean geratuko zaigun funtsezko pasadizo hori.

Oso ezohikoa izan baita dena. AEBetako lehendakaria ez da sarri hurbiltzen Saudi Arabiara, irudi arrazoiengatik seguruenik; alderantzizkoa ere ez da oso ohikoa, eta abagune neutraletan «topo» egitea nahiago izaten dute maizenik alde biek. Baina Obamak iragan astean, maila goreneko estatu bisitaldi bat -Indiara egiten ari zena- laburtu/eten eta horrelakoetarako ia inoiz eratu den ordezkaritzarik handiena (27 lagun: Kerry, Estatu idazkaria; Brennan, CIAko burua; J. McCain, lehendakarigai errepublikanoa; bi ganberetako bozeramaileak; Lloyd Austin jenerala, eskualdeko arduradun gorena...) lagun duela Riadera egin duen bisitaldiak belarri guztiak tentearazi ditu. Zendutako Abdullah erregearengatik doluminak eskaintzera zihoanaren aitzakiak berak erakusten zuen ezohikotasuna mozorrotzeko asmorik ere ez zegoela.

Jende tropel horrek guztiak zertaz hitz egin duen solaskide arabiarrekin igartzea ez da zaila: Siria-Irakeko Estatu Islamikoa (zeinaren aurka bi herrialdeak lankide omen baitira, alde bakoitzak egiten dituen bonbardaketek oso bestelako irudipena ematen badute ere...); Palestina eta Israel (non batek dakien zein den bakoitzaren benetako apustua); Yemen (bisitaldiaren unean erori da Sanaan gobernu planta egiten zuena, eta Houthi-zaidien matxinada herrialdearen ipar-mendebalde osoaren jabe da ja, hego-ekialdean Al-Qaeda nagusitzen den bitartean); Iran; Afganistan-Pakistan...

Gai zerrendak baino askoz jakingura handiagoa ematen dit, ordea, kasuan kasuko solaskideak zeintzuk izan diren ezagutzeak. Sauden Etxean nork zertan agintzen duen jakitea erabakigarria (eta nekosoa) bihurtu baita. Agian, horrexegatik joan dira estatubatuarrak halako tropelean.

R. Fisk zahar bezain zuhurrak komentatzen zuen Saudi Arabia iraultzaren atarian dagoela... baina Saud familiaren barrenetik abiatuko dela iraultza hori. Litekeena da. Michellek burua nola daraman zaintzea baino aurreragoko lanak badituzte orduan.