Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Konponbidea eta terminologia

New Yorkeko dorre bikien aurkako atentatuak, 2001ean, «terrorismoaren aurkako» sukarraldia -segurtasunaren izenean libertateak murrizteko aitzakia, alegia- eragin zuen mundu osoan, Estatu Batuak buruan. Euskal Herrian ez gintuen ustekabean harrapatu, gure termometroak aspaldi luzetik eta erregimen guztien gainetik nabaritu baitu sukar hori. Eta terrorismoa, esango du baten batek (bai, badakigu «terrorismoa» zorigaitz guztien jatorria dela). Tira.

Giza eskubideak urratzen dituztenak zigortzeko giza eskubideak urratu beharra dago, antza, eta «terroristak» zigortzea da arazoa konpontzeko modua; bide batez, gizarte kontrola areagotuz, demokrazia izendapen hutsera murrizteraino.

«Charlie Hebdo» aldizkariko marrazkilarien aurkako atentatuak sukar hori piztu berri du Europan, Estatu espainolean batez ere, Rajoyk esan bezala: «Espainia buruan jarri da terrorismoaren modalitate berrion aurka». Horrelako kontuetan, Espainia beti buruan. Gizarte politiketan, edo ikerketan, berriz, beti azken-aurrekoaren atzetik. PP eta PSOE sukartsuak, goxo-goxo.

Atzo, Foro Sozialak euskal presoen auziari heltzeko proposamena aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Zenbait gomendio eta hiru eskaera: lagun presoei dagozkien eskubideen berme mailaren gaineko txostena egiteko, EAEk espetxe eskuduntza izateko eskaera berresteko eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ordezkariekin harremanetan jartzeko. EH Bilduk eta EAJk Foro Sozialaren gomendioak beren egin eta eskaerak aztertzeko konpromisoa agertu zuten. Rodolfo Aresek esan zuenez, ordea, presoei dagokie urratsak egitea. Nekea sumatzen zitzaion PSEren ordezkariari, bere alderdiak bakerantz egindako ibilaldiagatik, nonbait.

Gainera, Aresi ez zitzaion egokia iruditu euskal preso politikoak izendatzeko terminologia. Foro Sozialak «pertsona presoak» aipatu zituen, eta Aresek esan zuen espetxean «terrorismoagatik» daudela zehaztu beharra dagoela. Pedro Sanchez PSOEko ustezko buruzagiaren sukar berberaren jabe, Ares konponbide bat proposatzen ari zen: «terroristak dira eta kito».

Arazoa terminologia bada, Rodolfo Ares hizpide denean zehaztu beharko dute, besteak beste, Iñigo Cavacas hil zutenen arduradun nagusia zela. Eta ez zuela dimititu ere egin. Eta... dena konponduta, ezta?