J.L.
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Segoviarrak protagonista direla jokatuko da lehen faseko azkeneko ekinaldia

Urrezko Aizkorako Bigarren Mailako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da Kaxtresanan, bihar 13.30ean. Aitor Senosiain eta Iban Resano, Jose Angel Zubiaga eta Iñaki Kintana eta Juan Jose Toledano eta Andres Trilla izango dira lanean arituko diren hiru bikoteak. Jardunaldi hau pasa den igandean zen jokatzekoa, baina eguraldi txarra zela-eta, ez zen jokatu. Ea bigarrengoan elurrak atseden hartzen duen, eta saioa behar bezala egiten den.

Garaipena lortzen duen bikoteak finalerdietarako sailkapena lortuko du, baina bigarren eta hirugarren geratzen direnak ere ez dira etxera joango, beste aukera bat izango dute. Daniel eta Iker Vicente, Eneko Saralegi eta Eneko Otaño eta Aratz Mugertza eta Julen Larrea jadanik finalerdietan sartuta daude, eta haiek biharko emaitzen zain egongo dira, aurkariak ezagutzeko.

Kanporaketa honetako berrikuntza segoviarrek emango dute, Toledanok eta Trillok. Aurrenekoa orain dela urte batzuk aritu zen bakarkako Urrezko Aizkoran, baina ordutik jadanik ia hamarkada bat pasatu da. Trillo, berriz, aurreneko aldiz arituko da honelako torneo batean, eta euren lana ikusgai dago, Segovian ez baita lana hemen bezala egiten.

Orain arteko proba guztietan bezalaxe, lan ezberdinak egin beharko dituzte aizkolariek, eta ondoren denbora guztiak batuko dira, eta horren arabera egingo dute sailkapena. Kanporaketa nahiko orekatua izango da, baina Senosiainek eta Zubiagak markatu beharko lituzkete saio honetako ezberdintasunak.