Aimar Etxeberria
Kazetaria
JO PUNTUA

Etsipen sentsazioak, aukera berriak

Teknologia berrien eta parte-hartze politikoaren arteko harremanaz idatziz estreinatuko naiz txoko honetan. Gaztetasunak ematen duen atrebentziatik, eta parte-hartze politikoari dagokionez oparoagoak izan ziren baina behin ere itzuliko ez diren -ez behintzat epe laburrean- garaiak ezagutu ez izana positibotzat hartuta, egungo egoera etsipenez hartzen duten horien begiradan argi-izpi batzuk iltzatu nahiko nituzke.

Denok jar gintezke ados esaterakoan Euskal Herrian izan dela egungoa baino kale aktibazio indartsuagorik. Euskal gatazkak izan duen intentsitate jaitsiera izan daiteke egun bizi dugun egoeraren arrazoietako bat, baina gizarte ereduak azken urteetan izan duen aldaketan egin nahiko nuke azpimarra eta, batez ere, teknologia berrien sorreran.

Bada, bat-batean, eta gu ohartzerako, irteera aurkitu ezinda gabiltzan zurrunbilo batean sartu gaituzte. Azkar doa dena gure inguruan, hausnartzeko astirik ere ez digute ematen, eta horrek eskema eta jokamolde zaharretan kateatuta geratzera kondenatzen gaitu. Zurrunbilo horretan sartu dira alderdi politikoak ere, modu sakonagoan gainera. Gizarteak euren presentzia sumatu bezain pronto errefusatzen ditu, «betikoa» eta «betiko moduan» eskaintzen dutelako.

Mezu, hizkuntza, kode, eskema zaharkituetan kateatuta daude guztiak. Podemos izan da parte hartze politikoari dagokionez proposamen berriak egin dituenetariko bat, eta gehienak «klik» bat egitean oinarritzen dira. Podemos-zale den horrek bere etxeko sofatik hartzen du parte politikan, dela bere alderdiko idazkari nagusia hautatzen, dela alderdiak garatu beharreko lan-ildoak erabakitzen. Zalantzak sortu eta aukerak atzematen dizkiot parte-hartze politiko mota honi. Ezin uka eraginkorra dela.

EH Bilduk ere egin du berrikuntzarik, Euskal Bideaz eztabaidatzeko proposatu duen kafe-tertulia ereduarekin. Hizlari- entzule dikotomia apurtu eta denak bihurtu ditu protagonista, parte-hartzaile guztien aktibazioa lehenetsiz. Lehenengoan teknologia berriak dira ardatz, bigarrengoan pertsonak. Orekan egongo da arrakasta.

Eraberritu ala hil, buruari eragin ala etsi. Baliatu gorroto dugun gizarte ereduak ematen dizkigun tresnak berau aldatzeko, hauei beldurrik izan gabe.