Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Arineketaren ostean

Martxoko agendan kalera atera eta hainbat aldarrikapen egiteko egunak pilatu zaizkigu. Hilaren 8an, emakumeon nazioarteko egunean, berdintasunezko jendartea lortzeko pausoak eta konpromisoak erreibindikatu genituen; alegia, jendarteko esparru guztietan txertatu beharreko genero-ikuspuntua ahantzi ezina. 21ean, Arraza Diskriminazioa Erauzteko Nazioarteko Egunean, pertsona guztiontzako errespetua eta eskubide-berdintasuna eskatu genituen; eta zenbait agintarik aurreiritziak sustatzeari utz diezaiotela ere bai, gurean beste apartheid bat ezartzeko zenbaitzuen nahiak kezkatuta eta suminduta. Orain, egunotan, euskararen aldeko ekimenik handi eta jendetsuena dabil herririk herri gure hizkuntzari oraindik ukatzen zaizkionen demandan: babesa (juridikoa, ekonomikoa, soziala...) eta errespetua, euskararen herrian nonahi eta noiznahi, euskarak eta euskaldunok pairatzen ditugun bidegabekeriak betiko desager daitezen.

Horixe izan zen egun itzal horren handia duen Korrika abian jartzeko xedea: aldarrikapenei oihartzuna ematea, ahalik eta karrika eta txoko gehienetara eramanez. Horixe da, hainbat hamarkada geroago, egun hainbesteko maitasuna eta babesa jasotzen dituen Korrikaren helburua: jendartearen kontzientziazioarekin batera, ahalik eta ozenen eta nabarmenen adieraztea euskara eta euskaldunok oraindik ez gaudela berdintasun eta justiziazko egoeran, erdarekiko, eta hori lortu arte ez garela konformatuko egunerokoan onartzen zaizkigun apurrekin aurrera egiten.

Beste mugimendu batzuei begira, ezin uka Korrikak ezin hobeto lortu duela, aldarrikapen-izaera horretan ezertxo ere galdu gabe, alaitasuna, kolorea, hunkipena eta maitasuna uztartzea, oso mota ezberdinetako pertsonek nola edo hala, edo ahalik eta modu gehienetan, parte hartu nahi izatea. Asmatu du AEK-k, euskalgintzaren defentsan eta euskaltzaletasunaren sustapenean, formula ero bezain eder honekin. Gaur, adibidez, Beasainen, Oñatin, Abadiñon, Soraluzen, Ondarroan... milaka lagun gozatzen ariko dira, euskaldun izateaz edo izateko bidean egoteaz harro. Haurrentzat, ziur, festa hutsa izango da, helduak zergatik eta zertarako egin duten Korrika azaltzen saiatuko bazaizkie ere; halere, helduagoak direnean, bere osotasunean ulertuko dute Euskal Herria zeharkatzen duen korrikalari-marearen esanahia, eta, guztiok bezala, gazi-gozo biziko dute. Gozoa da ezin politagoa delako, hainbeste pertsonaren artean halako komunioa eta itxaropena eragiten duelako; gazia da oraindik ere egin beharra dugulako, jaio zenetik urte asko joan diren arren, gauzak aldatu bai baina ez behar beste segitzen dugulako.

Berdin gertatzen zait beti emakumeon aldeko aldarrikapenarekin eta euskarari dagokionarekin, pare-parekoak begitantzen zaizkit-eta: alde agertzen diren lagun horiek guztiak, ekimen zehatzetan kalean eta parte hartzen ari diren norbanako horiek guztiak, egongo ote dira berdin kontzientziatuta eta ekintzetan koherente beren eguneroko bizimoduan? Arineketari utzitakoan, argiak eta koloreak itzalitakoan, jarraituko ote dute injustiziez ohartzen eta norbere konpromisoaren lekukoari irmotasunez eusten? Horrek du balioa, egunen baten korrikak eta martxak egin behar izateari utziko badiogu.