13/11/2019

Aniztasun funtzionaldun gazteek Bilboko komertzioak ezagutu dituzte

BilbaoDendak elkarteak ibilbide berezia antolatu du asteazken goizean. Eskurtze Institutuko Zereginen Ikasketa Gelako gazteek «bost zentzumenen ibilbidea» egin dute, Bilbo Zaharreko denda ezagunetan barna.

Gaur8
Bilbaodendak
Eskurtze institutuko ikasleak, Romaña janari-dendan. (Juanan RUIZ)

BilbaoDendak-ek, Bilboko merkataritza eta turismo jarduera sustatzeko elkarteak, Hemengo Shopping ibilbide gidatuen edizio berezia antolatu du aste honetarako.

Baina asteazken goizeko ibilbidea izan da bereziena. Bilboko Eskurtze Institutuko Zereginen Ikasketa Gelako aniztasun funtzionaldun gazteak, 16 eta 20 urte bitartekoak, Bilbo Zaharreko denda desberdinetatik antolatu den «bost zentzumenen» ibilbidearen protagonistak izan dira.

Hala, aukera izan dute denda ezberdinen jarduerak ezagutzeko, eta modu errazean, saltokietan nola lan egiten duten ikusteko: materialen jasotzea, produktuen aurkezpena, bezeroak nola jasotzen dituzten, produktuak nola apaindu edo nola kobratzen duten, besteak beste. «Bertako merkataritzaren gertutasuna eta konfiantza ikuspegi praktiko batetik helarazi nahi diegu, nolabaiteko autonomia emanez», adierazi dute BilbaoDendak elkartetik.

Ibilbidea Romaña janari-dendan hasi da, lekaleak soltean, kontserbak eta txarkuterian espezializatutako San Frantziskoko denda zaharrenetako batean. Jarraian, Ciclos La Ferrora abiatu dira, bizikleta tailer berezia; eta amaitzeko, La Zapa de 2 de mayo dendara, eskuz eta neurrira egindako zapatak eta konponketak, modu jasangarrian lan eginez plastiko botilak berrerabilita larruazal beganoak erabiltzen dituena.