Gaur8

Senegalgo emakumeak arrantzaren sektorean ahalduntzeko Yemayá Sareak sortu dute

Yemayá Sareak proiektuak Senegaldo Thiadore-Sur-Mer herrian artisau-arrantzaren sektorean emakumeen lidergoa eta parte-hartze aktiboa sustatu asmo du.

Yemayá Sareak osatzen duten taldeetako ordezkariak, prentsaurreko argazkian.
Yemayá Sareak osatzen duten taldeetako ordezkariak, prentsaurreko argazkian.

Afrika zabaletik euskal erriratutako emakume zientzialari eta ekintzaileen hazkunde profesionala erraztuko duten sareak sortzeko elkarlanean jarraituko dute Kultura eta Nazioarteko Lankidetza Departamentuak, Aspegik, Mujeres por Áfricak eta Azti Tecnaliak.

Orain bi urte jarri zuten martxa lankidetza hori, Gipuzkoako erreferentziazko zentroetan aldi baterako egoitzetan egonaldiak sustatuz. Elkarlan hori zabaldu egingo dute “Yemayá Sareak” izeneko proiektuaren bitartez.

Proiektua azaltzeko prentsaurrekoa eman dute aipatu elkarte eta instituzioetako ordezkariek, eta azaldu dute Yemayá Sareak bi ardatz nagusi dituela: «Batetik, Afrikari buruz dagoen diskurrtso eta ikuspegi bakarrarekin haustea, izan ere, kontinente horretan bikaintasunak, zientziak, ikerketak, ezagutzaren garapenak ere presentzia dute; eta, bestetik, Afrikako emakumeei aukera bat ematea, bikaintasun horren iturri eta zutabe ere badirelako».

Esplikatu dute, halaber, Senegalgo arrantza sektorean dagoen «sexu banaketak» emakumeei «finantza autonomia bat garatzea» eragozten diela, eta tradizioz egiten dituzten eraldaketa eta merkaturatze lanak ez direla baloratzen eta ez dutela babesik jasotzen Estatuko garapen politiken aldetik. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eman nahi du babes hori, eta guztira 31.554 euroko aurrekontua du.

Yemayá Sareak egitasmoan parte hartuko duten emakume senegaldarrak Donostian dira bihar arte, beraien eta Gipuzkoako arrantza-sektorearen arteko ezagutza zabaltzea xede. Proiektuak bi fase izango ditu: beharrak identifikatzeko lehen fase bat, eta Senegalen nahiz Gipuzkoan ekintza plana ezartzeko beste bat.