Gaur8

Giza eskubideen nazioarteko defentsoreak, EAEn astebetez

Herri Babesareak antolatutako lehen foro ibiltaria gaur hasiko da Ean. Zazpi herrialde desberdinetan giza eskubideen defentsan ari diren erakundeetako ordezkariak beraien esperientziak kontatuko dituzte EAEko zazpi udalerritan.

Herri Babesareako kideak eta nazioarteko giza eskubideen defendatzaileak, ekimenaren aurkezpenenean.
Herri Babesareako kideak eta nazioarteko giza eskubideen defendatzaileak, ekimenaren aurkezpenenean.

Herri Babesareak, Nazioarteko Bake Brigadek (PBI) eta Mundubat Fundazioak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko fondoen bidez sustatutako ekimenak, gaurtik igandera bitarte egingo duen lehen foro ibiltarea aurkeztu zuen atzo.

Giza eskubideen defentsan aritzen direnei babesa emateaz eta euskal erakunde sozialen nahiz Hegoalde Globaleko giza eskubideen defendatzaile diren erakundeak koordinatzeaz arduratzen da Herri Babesarea.

Izan ere, giza eskubideen defentsa jarduera «arriskutsua» da, erakundeko kideek atzo ohartarazi zutenez, eta hala erakusten dute datuek. 2018an, 27 herrialdetan gutxienez 321 defendatzaile hil zituzten giza eskubideak defendatzeko egiten duten lanagatik. «Inoizko kopuru handiena» izan da, haien esanetan. Arrazoien artean, lurra eta ingurumenaren defentsa, justizia eta egiaren eskubidea, edota eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta ingurumenekoak sustatzea eta babestea daude, besteak beste.

Foro ibiltaria

Herri Babesarearen lehen foro ibiltarian mundu mailako giza eskubideen zazpi erakunde defendatzaileetako kideak izango dira, hala nola: Latinoamerika, Sahara, Palestina. Ekintzak Amorebieta-Etxano, Durango, Ea, Errenteria, Hernani, Irun eta Agurain udalerrietan garatuko dira.

Ciutats Defensores dels Drets Humans de Catalunya ekimena du inspirazio-iturri, eta, Katalunian bezala, Giza Eskubideen Defendatzaileen Babeserako Euskal Udal sarea eratu asmo du.

Planifikatu diren ekintzetan parte hartuko dute mundu mailako erakunde desberdinetako ordezkariak, nolabait giza eskubideen defentsan lana egiten dutenak, tartean: Ana Rosalía Tiul Quib de Caal, Guatemalako Nekazarien batasunerako batzordeko kidea (CUC); Esdra Yaveth Sosa, Hondurasko LGBT Arcoíris elkartekoa eta Brahim Dahane sahararra, Giza Eskubideen urraketetako biktimen elkarteko kidea (ASVDH).

Hala, astebetean, udal parte-hartzaileek zenbait herrialdetako defendatzaileen erakundeetako talde baten bisitaldia jasoko dute. Epealdi horretan, sentsibilizaziorako, egituraketarako, eraginerako eta komunikaziorako jarduerak egingo dira (hitzaldiak, bilera instituzionalak, gizarte-erakundeekiko topaketak, komunikabideetako elkarrizketak...), eta horien bidez, euskal biztanleek giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonen eta erakundeen lana ezagutu ahal izango dute.