GAUR8

Aitita-amamen eskola garaiko koadernoak, kartilak… Berrizen ikusgai

Berrizko Kultur Etxeak aitita-amamen garaiko eskolaren inguruko erakusketa hartuko du azaroaren lehen egunera arte, Gerediaga Elkarteak antolatuta. Batera, igandean, Xabier Amurizak eta Fermin Barcelok solasaldia eskainiko dute bertan; gaia? eskola garai haiek. Parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena.

Erakusketaren paneletako bat, irudian. (Gerediaga Elkartea)
Erakusketaren paneletako bat, irudian. (Gerediaga Elkartea)

«Gure aitita-amamen eskolei buruzko erakusketa zabalik dago Berrizko Kultur Etxean». Horrela dio Gerediaga Elkarteak ekimena iragartzeko zabaldu duen oharrak, eta zehazten duenez, “Hezkuntza eta Ondarea” Ondarearen Europako Jardunaldien barruan dago, aurten ‘eskola’ izango baita hitzorduaren ardatz nagusia.

Berrizen kultur etxearen ordutegian zabalik izango den erakusketak sei paneletan «auzo eskoletatik Estatuak kudeatzen zituen ikastetxeetara, ‘eskola nazionaletara’,  hezkuntza arloan» izandako bilakaera jartzen du bisitarien aurrean.

Panelez gain, garai haietako liburu, koaderno, kartilla eta bestelako materiala ikus daiteke. Bildutakoaren artean norbanakoek utzitako objektuak daude baita Durangoko Museoak eta EHUk emandakoak.

Solasaldia, igandean

Gaiaren harira, igande honetan solasaldia antolatu dute 12.00etan eskola garai haiek gogora ekartzeko, Xabier Amuriza eta Fermin Barceloren eskutik. Hitzorduak ordubeteko iraupena dauka aurreikusita eta kultur etxera bertaratzen denak solasaldian parte hartzeko aukera izango du.

Aforo mugatua denez, solasaldian parte hartzeko aldez aurretik izena ematea eskatu dute antolatzaileek ejardunaldiak@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 673 00 59 81 telefonora deituta.