GAUR8

Etxebizitza sozialen eraikin bat energetikoki birgaitzeko proiektua, Durangon

Durangon, gizarte larrialdietara bideratutako etxebizitza sozialen eraikin bat energetikoki birgaitzeko proiektua jarriko dute martxan. Egitasmoa Europako ikerketa-proiektu baten barruan dago «energia-kontsumo nulua duten eraikinak birgaitzeko teknologiak» garatzeko.

Garazi Errasti eta Julian Rios Durangoko zinegotziak, eraikinaren aurrean. (Durangoko Udala)
Garazi Errasti eta Julian Rios Durangoko zinegotziak, eraikinaren aurrean. (Durangoko Udala)

Durangoko Udalak Laubideta kaleko gizarte larrialdietarako eraikin baten energia-eraginkortasuna hobetzeko proiektua jarri du martxan, egungo energia gastua baino %60 gutxiago kontsumitzeko. Udal iturriek jakinarazi dutenez, egitasmoa RenoZEB izeneko ikerketa-proiektu europarraren barruan dago; 48 hilabeteko iraupena du, eta «energia-kontsumo nulua duten eraikinak birgaitzeko teknologiak garatzea du helburu nagusi».

Udalak Durango Eraikitzen enpresa publikoarekin batera parte hartuko du ikerketa-proiektuaren barruan garatutako fatxadaren prototipoa instalatzeko. Aukeratutako eraikina Udalaren jabetzako etxebizitza-bloke bat da, gizarte-larrialdian dauden pertsonei bizileku bat emateko.

Zehaztu dutenez, egitasmoak eraikin birtual eta errealetan inplementatu behar dira. Durangoko kasuan, 1965. urtean eraikitako etxebizitza-bloke batean garatuko da. «Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, eta lau solairu, erabilera komuneko beheko solairu bat eta bizitegi-erabilerako hiru solairu ditu», azaldu dute espazioaren ezaugarrien inguruan.

Barrualdean zein komunetan hainbat berrikuntza egin ondoren, eraikinak egun zazpi etxebizitza dituela zehaztu dute. Gainera, beharrezko irisgarritasuna du, 2008an egindako eraberritze baten bidez, ekialdeko fatxadan kanpoko igogailu bat jarri zenean.

310.159 euro, Europatik

Lanek 366.000 euroko aurrekontua izango dute, eta horietatik 310.000 euro Europatik jasotako laguntzei dagozkie. Aurreratu dute lanak epe laburrean hasiko direla eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo maiatzean amaituko direla, 20 asteko lanaldiaren ostean.

«Proiektuak ‘kontsumo ia nulua’ lortzeko beharrezkoak diren energia-eraginkortasuneko obrak barne hartzen ditu, teknologia berriak erabiliz, hala nola fatxadarako Plug and Play sistema, eguzki-instalazio termikoa, eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta beroa berreskuratzeko aireztapen mekanikoko sistema», azaldu dutenez. Gaineratu dute, eraikinaren beharrezko mantentze-lanak ere egingo direla «komunikazio-nukleoaren eremuan, iragazketa eta hezetasun arazoak konpontzeko».

Udal gobernuak proiektuaren trantsizio energetikoan emandako aurreragarrantzia nabarmendu du, «Urratsez urrats, trantsizio energetikoaren alde lanean jarraituko dugu. Ekimen hau eraiki nahi dugun gizartearen adibide bat da, eta datozen urteetan bide horretan sakonduko dugu», azaldu dute udal ordezkariek.

Gaineratu dute proiektua «gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonek» erabiltzen duten Udalaren eraikin batean gauzatuko dela, «haien bizi-kalitatea hobetzen saiatzera bideratuta».