GAUR8

Urrats berriak jakientzako ontzi biodegradagarrien garapenean

Azken bost urtetan aurrez prestatutako elikagaien kontsumoa pertsonako 2,3 kilogramo handitu da eta halako produktuak 2,5 aldiz azkarrago hazten dira gainerakoak baino. Testuinguru horretan, 14 eguneko bizitza baliagarria duten ontzi konpostagarriak ekoizteko metodologia garatu dute.

Jaki orestatuen kontsumoa nabarmen igo da azken urteetan. (EHU)
Jaki orestatuen kontsumoa nabarmen igo da azken urteetan. (EHU)

EHUko Biomat taldeak eta Xumuxua produktu sorta ekoizten duen Yon Mikel Janariak enpresak jakientzako ontzi biodegradagarriak ekoizteko proiektu bat garatu dute. Zehaztu dutenez, erronka zen «plater kozinatuak ekoizteko metodologia» egokitzea, «benetan ontzi biodegradagarriak erabiltzeko».

Kontsumo joerei begiratuta, gaur egun kontsumitzaileak azkar kontsumitzeko produktuak bilatzen dituela azaldu dute, eta «errazio arras handirik ez dutenak, elikagaiak alferrik ez galtzeko». Horren ondoan, hondakin gutxiago eragiteko, ontzi eta bilgarri jasangarriak eskatzen dituela gogoratu dute.

Horrekin lotuta, plater prestatuen eta aurrez prestatutako jakien merkatuak izan duen gorakada nabarmendu dute. Estatu espainoleko Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren datuak gogoratu dituzte. Zehaztu dutenez, jaki prestatuen kontsumo ehunekorik handiena etxebizitzei dagokie lehenik, eta sukaldaritza komertzialari, bigarrenik. Gainera, azken bost urteetan jaki horien kontsumoa pertsonako 2,3 kilo handitu dela aipatu dute. «Halako produktuak 2,5 aldiz azkarrago hazten dira gainerakoak baino, alegia, jendeak plater prestatuak jaten ditu etxean», azaldu dutenez.

Errealitate horretatik abiatuta “SOSPACK-Desarrollo de packaging sostenible” izeneko proiektuan lankidetzan aritu dira EHUko ikerlari taldea eta enpresa, Lakuako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saialaren laguntza ekonomikoarekin.

«Benetako alternatiba»

Xumuxua markako produktuak ontzi biodegradagarrietan aurkezteko, ontzi berrietara egokitzen den ekoizpen-metodologia garatu dute, «elikagaien kalitatea eta freskura» mantenduz eta duten bizitza baliagarria aztertuz. Azken parametro hau merkaturatzeko beharrezkoa dela argitu dute, eta kontsumitzaileen eta banatzaileen eskaeraren arteko oreka bilatu, 14 egunetan ezarri zela.

Pedro Guerrero EHUko Biomateko ikertzaileak nabarmendu du proiektuak ondorioztatu duela «badela plastikoaren ordez erabiltzeko benetako alternatiba bat, eta kontsumitzaileek badutela aukera alternatiba hori eskatzeko eta supermerkatuetako lerroetan aurkitzeko».