GAUR8

«Zinema eta hiria», thriller generoarekin abiatzen den hirien eraldaketei buruzko zikloa

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak «Zinema eta hiria» zikloa jarriko du martxan asteazken honetan Bilboko ordezkaritzan. Hiri eraldaketen ibilbidea eta zinea uztartzen dituen proposamenak azken asteazkenetan finkatu du hitzordua. «Amanece» filmarekin zabalduko da zikloa etzi.

Irudian, «Le jour se lève»  filmaren kartela.
Irudian, «Le jour se lève» filmaren kartela.

Asteazken honetan, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzan «Zinema eta hiria» zikloa inauguratuko dute. Egitarauak «hiri-eraldaketen historian zeharreko ibilbide zinematografikoa» eta «zinearen jatorriarekin bat datorren fundazio moderno eta industrialetik gaur egungo konfigurazio postmoderno eta globalerainoko» ibilbidea proposatzen du.

Zikloaren emanaldiak hileko azken asteazkenetan izango dira, Bizkaiko ordezkaritzako ekitaldi aretoan, 19.00etan. Saioak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman beharko da, kultura.bizkaia@coavn.org helbide elektronikoan. Epea azteazkenean 15.00ak arte egongo da zabalik.

Programazioa thriller generoarekin abiatuko da, “Amanece” (Le jour se lève, Marcel Carné, 1939) eta “Ascensor para el cadalso” (Ascenseur pour l ‘échafaud, Louis Malle, 1957) filmekin. Azaldu dutenez, «film horiek gerra osteko metropoliei buruzko begirada kritikoa ematen dute», eta hiriko paisaiak krisi garaietan ematen diren haustura sozialaren eta hiritarraren aztarnak erakusten ditu.

«Espresionismoak, errealismo poetikoak eta noir frantsesak forma estetikoa eta sentikorra ematen diote Atlantikoaren alde bateko eta besteko hiri-horizontea luzatzen eta lausotzen duten hirietako kanpoaldeetan dauden auzoetan islatzen den hiri eta gizarte arloetako porrotari», erantsi dute hirien eraldaketak zinean izan duen islaren inguruan.

Eneko Lorente zikloko komisarioak hautatutako film sortan, Ernesto del Rio zuzendariaren “Hotel y domicilio” (1995) eta Claire Simon zuzendari frantziarraren “El bosque de los sueños realizados” (2015) izeneko «begirada zinematografiko berezia» daude.

Sormen Eszenikorako Bilboko La Fundición Gunearekin lankidetzan, “The Only Possible City/La única ciudad posible” aurkeztuko da, «Giorgio Agamben filosofoaren enuntziatu ezagun bati erreferentzia egiten dion izenburua duen proiektu koreografiko-zinematografikoa».