GAUR8

Abian jarriko dute gazteen lankidetza programetan ekimen berriak proposatzeko prozesua

Lankidetzan aritzen diren edo aritu nahi duten gazteei zuzendutako parte hartze prozesua zabalduko dute Lakuako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak. Batez ere proiektu berrien formulazioa bultzatu nahi dute, osasun baldintzek aurrez aurreko lanak zailtzen dituzten une honetan.

Gazte talde bat kaleko jai batean, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gazte talde bat kaleko jai batean, artxiboko irudian. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

“Euskadiko Gazteak Lankidetzan” programaren barruan parte hartzeko prozesu bat zabaldu dute pandemia egoerari egokitutako ekimen berriak garatzeko eta aurrez aurreko lanak 2022rako utziko dituzte.

Azaldu dutenez, Lakuako Gobernuko Gazteria Zuzendaritza eta Garapenerako Euskal Agentzia elkarrekin ari dira lanean “Euskadiko Gazteak Lankidetzan” programan parte hartzen duten GGKEekin. Helburua da ekimen berriak biltzea eta horien balioa «areagotzea», osasun baldintzek kanpoko proiektuetan aurrez aurre parte hartzea gomendatzen ez duten une honetan.

Ohar batean, Lakuako Exekutiboak jakinarazi du «barne jarduera» sustatzen ari direla «irudia indartzeko», besteak beste, programari ekintza berriak ekarriko dizkion parte-hartze prozesu bat abiaraziz.

Formakuntza jarduerak

Aurreratu dutenez, hainbat formakuntza jarduera aurreikusten dira programa garatzen jarraitzeko elkarlanean ari diren herrialdeekin, «online» konexioak egitea, esperientziak partekatzeko foro bat sortzea eta, ideia-lehiaketa baterako deialdia egitea, gazteak protagonista dituzten ekimen solidario berriak biltzeko.

Parte hartze prozesu horretatik ateratako ondorioak programaren «ibilbide-orrian» sartuko dira; izan ere, azken helburua da gazteenek egiten den elkartasunezko lana «bertatik bertara» ezagutzea eta modu aktiboan inplika daitezkeen proiektuak sortzea.

Aurten bigarren aldia izango da, 2020az gain, munduko osasun egoerak behartuta programa atzeratu beharra dagoela.

Egoera horren aurrean, Lakuako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 2022ra arte itxarotea erabaki dute aurrez aurreko lanei berriro ekiteko; programak EAEko GGKEetako Hegoaldeko herrialdeetan garatzen dituzten proiektuetan gazteen ‘in situ’ parte-hartzea bultzatzen baitu, hiru hilabeteko egonaldiekin; herrien eta kulturen arteko elkartasuna sustatuz.