GAUR8

«ERA Nafarroa», euskararen inguruko baliabideak familientzat

Euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko jaioa, «ERA Nafarroa» erreferentea bihurtu da hainbat famili eta eragileentzat. Klik batean laguntza handia eman dezakeen tresna ezagunago egin nahi dute.

«ERA Nafarroa» webgunea, irudian.
«ERA Nafarroa» webgunea, irudian.

Duela lau urte sortua, www.eranafarroa.eus helbidean kokatutako webguneak euskararekin lotutako hainbat eduki biltzen ditu: artikuluak, agenda, baliabideak, aholkuak… Helburua da «euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzea».

Nafarroako toki entitateetako euskara zerbitzuek sorturiko tresna da eta «euskara zerbitzu horiek kudeatzen dute oso-osorik».

Internet bidezko leiho horrekin «euskararen normalizazioari eta sustapenari bultzada eman eta haurren ikas-prozesua osatzen eta biribiltzen» lagundu nahi dute, «edozein erregistro eta egoeratan moldatzen ikas dezaten, ziurtasuna eta jariotasuna eskura dezaten eta, jakina, euskararekin goza dezaten».

Edukiak 12 urte arteko haurren gurasoei bereziki zuzenduta daude, baina nabarmendu dutenez, «gurasoen tipologia osoa» hartzen dute «euskaldunak, erdaldunak, zerbait dakitenak eta ikasten ari direnak» ere erraz molda daitezkeelako. Izan ere, webgunearen edukiak euskaraz eta gazteleraz daude.

Etxean eta kanpoan

«ERA Nafarroa» webgunearen eskaintza ez da eskolako edukietara mugatzen. Egoera ezberdinetan sor daitezkeen beharrei begira ere jarri da euskaraz ikasten ari den lagunentzat, esaterako.

Etxerako lanetan laguntzeko aholkuekin batera, bideo-ipuinak, zinea, aplikazioak, kantu eta jolasak aurki daitezke euskaraz hazteko aholkuekin batera.

Webguneak berak azaltzen duenez, umeek adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen dute, «baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan».