GAUR8

Etxepare Euskal Institutuko irakurleek topaketa egin dute Tabakaleran

Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 22 irakurle elkartu dira Tabakaleran urtearen balorazioa egin eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartzeko

Mundu guztian euskara irakasten dabiltzanak Tabakaleran elkartu dira.
Mundu guztian euskara irakasten dabiltzanak Tabakaleran elkartu dira.

Donostiako Tabakaleran elkartu dira Etxepare Euskal Institutuaren bitartez 19 herrialdetako 36 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko 22 lagun, urtearen balorazioa egin eta etorkizunerako erronkei buruz hausnartzeko. Urteroko bilera honetan, aurreko edizioetan bezala, hitzaldi eta talde dinamikaz osatutako egitarauaz gozatu dute parte hartzaileek. Jorratu diren gaien artean nabarmendu dute online bidezko eskolen eraginez ikasleen matrikulazioetan izandako gorakada. Osasun larrialdi betean ez da samurra izan irakurleen lana eta egin duten ahalegina nabarmendu dute Tabakalerako ekitaldian.

Irakurleez gain, Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria, Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendaria eta irakurletza sareko Lorea Hernandez teknikaria ere izan dira bertan.

Pasa den ikasturteko bizipenak elkarbanatu ondoren, Garbiñe Iztuetak hartu du hitza, aurtengo ikasturtearen laburpena egin eta datorreneko lan ildo nagusien berri emateko. Nabarmendu du, besteak beste, bost irakurle berri hasiko direla datorren ikasturte honetan irakurletzetan lanean eta hitzarmen berrietan ari direla lanean Estatu Batuetako zein Galesko unibertsitate banarekin. Ondoren, Lorea Hernandez Institutuko Irakurletza sareko teknikariak, irakurleen arteko talde dinamika gidatu du, esperientziak partekatu eta hurrengo urteko erronkei buruz eztabaida zezaten irakurleek.