GAUR8

Ondarea berreskuratu eta ezagutarazteko bost proposamen urrirako, Durangaldean

Ondarearen Europako Jardunaldien harira, Durangaldeko bost udalerrirekin elkarlanean antolatutako bost proposamen landu du Gerediaga Elkarteak urrirako. Argazki bilketa, bisita gidatuak, erakusketa eta kontzertu formatukoak dira proposamenak, Garain, Mañarian, Iurretan, Zaldibarren eta Berrizen gauzatzekoak.

Mañarian, Angurretako harrobian garatzen ari den proiektu artistikoa ezagutzeko bisita gidatua, proposamenetako bat da. (Gerediaga Elkartea)
Mañarian, Angurretako harrobian garatzen ari den proiektu artistikoa ezagutzeko bisita gidatua, proposamenetako bat da. (Gerediaga Elkartea)

Era guztietako ondarea: naturala, artistikoa, usadioei lotutakoa… protagonista duten bost proposamen prestatu ditu Gerediada Elkarteak Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan, eskualdeko bost udalerriren laguntzarekin.

Zehaztu dutenez, izena ematea doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango denez, aldez aurretik izena eman behar da ejardunaldiak@gmail helbide elektronikora idatzita edo 673005981 telefono zenbakira deituta.

Garain, adibidez, argazki bilketa jarriko dute abian, herriko bizimodu, ohitura eta lekuen argazki zaharrak bildu eta digitalizatzeko. Horretarako, dei zabala egin diete garaitarrei irudi zaharrak batu eta erakusketa bat antolatzeko. Bilketa urriaren 2an eta 3an egingo dute kultur etxean, eta erakusketa hilaren 30erako dago aurreikusita, Elizabarrin.

Angurretako harrobiko proiektu artistikoa

Mañarian, Angurreta harrobian Victor Arrizabalaga artista garatzen ari den proiektu artistikoa ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute urriaren 16rako. «Geologo baten laguntzarekin eta artistaren azalpenekin natur ondarea kultur ondarea bihurtzeko asmoa ezagutzeko» aukera emango duen ibilaldia izango da. Bertan, gainera, 4kote taldearen kontzertu laburra jasotzen du egitarauak.

Urriaren 16an eta 17an, Iurretan, auzo eskolen gaineko historia ezagutzeko erakusketa eta hitzaldi bat prestatu dituzte. Horren ondoan, Iurretako Goiuria ikastolaren gainean egiten ari den ikerlanaren aurkezpen laburra ere izango da.

Zaldibarren, bestalde, ospitaleko kaperan dagoen Juan de Aranoa margolariaren lanean jarriko dute fokua. Ohar batean azaldu dutenez, «lan ezezaguna eta ikusezina» “Astola”ren zenbaki berrian ezagutaraziko da eta aldizkarirako eginiko ikerketaren egileek hitzaldia eskainiko dute, urriaren 22an, liburutegi zaharrean.

Berrizko San Joan Bautista parrokiako organoa urriaren 23ko proposamenaren protagonista izango da, ehun urte betetzen baititu. Myriam Cepeda organo-joleak eta Luis Alberto Requejo klarinete jotzaileak kontzertua eskainiko dute handik.