GAUR8

75.000 euroko laguntza aktibatu du IHOBEk Urduñako eskola birnaturalizatzeko proiektuarentzat

IHOBE Lakuako Gobernuko sozietate publikoak 75.000 euroko dirulaguntza aktibatu du Urduñako herriko eskolan burutzen ari den birnaturalizatzeko proiektua babesteko. Klima larrialdiari aurre egiteko aterpe osasungarri bat egiteaz gain, proiektu pedagogikoa ere eraldatzen ari dira naturari lotuta, «Klimaren aldeko jolastokiak» dinamikaren barruan.

Urduñako eskolako jolastokian dagoen espazio naturala egokizten ari dira, jolastokia eta hezkuntza proiektua bera birnaturalizatzeko. (Endika PORTILLO/FOKU)
Urduñako eskolako jolastokian dagoen espazio naturala egokizten ari dira, jolastokia eta hezkuntza proiektua bera birnaturalizatzeko. (Endika PORTILLO/FOKU)

Urduñako Udalak pasa den ostiralean izan zuen eskolako jolastokiaren proiektuaren inguruko ebazpenaren berri, Itziar Biguri alkateak jakinarazi duenez. Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitutako sozietateak «tokiko ekoberrikuntza klimatikorako» onartutako laguntzen artean dago Urduñakoa. Guztira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 17 udalerritan gauzatuko diren klima-ekintzako 19 proiektu berritzaile sustatuko dituzte deialdi honen barruan.

Ihobek berak laguntza lerro honen inguruko ebazpenaren berri eman du bere webgunean. Zehaztutakoaren arabera, hautatutako egitasmoek «klima- aldaketarako egokitzapena sustatzea dute helburu, trantsizio energetikoa eta lurraldearen erresilentzia babestuta eta Covid-19ak eragindako krisiari konponbide berdea ematen lagunduta».

«Esleitutako proiektuek 1.005.296 euroko aurrekontu-zuzkidura izango dute, alegia, aurreko deialdiko zuzkiduraren bikoitza», azpimarratu du erakundeak.

Babestutako proiektuen artean, Urduñakoaz gain besteak beste Alkiza, Amoroto eta Eako egitasmoak daude, Bilbon, Donostian eta Gasteizen dauden zenbait egitasmorekin batera. Zehaztutakoaren arabera, gainera, baloratu da «beste udalerri batzuetara erraz eraman» daitezkeen proiektu berritzaileak izatea.

Lankidetza eskertu du Udalak

IHOBEk emandako laguntzak proiektua garatzeko duen garrantzia nabarmendu du Itziar Biguri Urduñako alkateak. Herriko eskolako jolastokia birnaturalizatzeko lanak martxan daude jada, eta  guztira 170.000 eurotan kalkulatuta daude.

Bigurik azaldu duenez, laguntza hau bultzada garrantzitsu bat da proiektuaren garapenerako, zehaztutako faseetan arinago aurrera joateko, eta gogoratu du egitasmoa ez dela espazioaren eraldaketara mugatzen, proiektu pedagogiko berritzaile bati lotuta dagoelako.

Udalak eta eskolako komunitateak elkarlanean bultzatuta, jolastokian espazio ezberdinak egokituko dituzte intentsitate ezberdineko jolasekin eta lore, landare eta barazki ezberdinekin, permakulturaren ikuspuntutik diseinatuta eta landuta. Gune horretan bertan, aire zabalean egongo diren gela ezberdinak altxatuko dituzte baita agora bat eta elkartzeko gune bat. Eskola ordutegian ikasleentzat izango da aterpe hori, baina gainerakoan, zabalik egongo da herritar guztiein erabilerarako.