GAUR8

Itsasoaren egoerari buruzko informazioa emango duen buia berria jarri dute Bizkaiko uretan

Itsasoaren egoerari buruzko informazioa emango duen buia berri bat kokatu dute Bizkaiko kostaldean, Uribe Kostan. Behaketa sarea indartuko du tresna berriak galerna-egoeretan.

Buia berriak datu ugari emango ditu itsasoaren egoeraren gainean.
Buia berriak datu ugari emango ditu itsasoaren egoeraren gainean. (EHU)

Lakuako Gobernuak eta UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak buia ozeano-meteorologiko berria instalatu dute Bizkaiko uretan, Gorrondatxe, Barinatxe eta Arrietara-Atxabiribil hondartzen inguruan, zehazki.

Tresna berriak itsasoaren egoeraren gaineko informazioa emango du, «bainularien, surflarien eta nabigatzaileen segurtasunerako», eta «itsasoko perturbazioen intentsitatea eta bilakaera zainduko du galerna egoeretan», zehaztu dutenez.

Buia Bilboko Portuaren behaketa-sarean eta Lakuako Gobernuaren eta AZTIren egungo behaketa sistema ozeano-meteorologikoan integratuta dago. Ainguratuta egon behar du eta itsasertzetik hurbil egongo da.

Mutrikuko itsasbazterreko buiaren eta Donostiako ur sakonetako buiaren jardueran oinarritzen den behaketa sistemak tresna berria du orian, EAEko itsasertza zaintzeko ahalmen handiago bat emanez.

Datu-base bat sortzea

Ekipamendu berriak emango duen informazioaren barruan, puntu jakin bateko olatuei eta olatuen altuerari buruzko datuak enongo dira, baita norabideari edota periodoari buruzkoak. Izan ere, erreferentziazko puntu hori surfa egiteko erabiltzen diren hainbat hondartzatatik hurbil dago.

Nautika eta Itsas Garraioko Graduko irakasle ikertzaileak eta Tecnaliako eta Zunibal SL enpresako ikertzaileak arduratuko dira datu horiek jasotzeaz eta aztertzeaz. Nabarmendu dutenez, «helburu tekniko-zientifiko argia» du: «itsasoaren egoera aztertzea eta datu-base bat sortzea itsas-ingurunea hobeto ezagutzeko».

Aipaturiko informazioa mesedegarria izango da, aipatu dutenez, inguruko gizartearentzat eta ekonomiaren arloko jarduerentzat, baita kontserbazioaren eta erabiltzaileen segurtasunaren ikuspuntutik.