GAUR8

1936ko gerrako egiturak berreskuratzen ari dira Bera eta Etxalar artean

Bera eta Etxalar artean kokatuta, Pirinioetako gotorlekuaren parte ziren bunkerrak eta metrailadora-habiak berreskuratzen ari dira Estatu osoko 24 gazte. «Memoria Espazio» berri bat izango da, «gerraosteko eta diktadurako garai ilunaz jabetzeko» eta giza eskubideen balioaz gogoeta egiteko.

Boluntariotza-eremuan parte hartzen duten gazteak, lanean.
Boluntariotza-eremuan parte hartzen duten gazteak, lanean. (Berako Udala)

Beratik kilometro batera daude kokatuta, 1936ko gerran Pirinioetako gotorlekua osatzen zuten egiturak dira berreskuratzen ari direnak, bunkerrak eta metrailadore-habiak nagusiki. Pasa den abuztuaren 15etik, Estatu osoko 18 eta 27 urte arteko 24 gazte ari dira lanean bertan, askotan landaretzak estali dituen egitura horiek garbitzen, azalera ateratzen.

Estatuko erkidego ezberdinetako gazteek hartzen dute parte boluntariotza-eremu horretan, abuztuaren 30era arte, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Nafarroako Gobernu Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza nagusiak antolatuta, Memoria Institutuaren bitartez.

Kanpainak 2017an hasitako lanei ematen die jarraipena. Ekimenaren barruan, Peñarratako behatokia eta Kataliñeneako kanpalekua egokitu ziren.

Aurten, Suspela inguruan kokatutako barrakoi-sail bat berreskuratuko da, Beratik kilometro bat ekialdera, eta handik hurbil dagoen metrailadora-habia, zehaztu dute udal agintariek. Berreskuratzeko elementuen artean beste metrailadore-habi bat dago, Etxalarretik gertu.

«Egitura horiek guztiak Pirinioen Defentsarako Erakundean kokatzen dira, Francoren diktadurak bultzatutako proiektu zabal bat Pirinio guztietan zehar Espainiako muga frankoa milaka bunkerrekin gotortu nahi zuena, Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino», azaldu dute antolatzailek.

Garai ilunen oroimena

1939. urtean hasi ziren gotorlekua altxatzeko lanak eta 50eko hamarkadara arte luzatu ziren, Langileen Batailoietako eskulan behartuak erabiliz hasieran eta ordezko soldaduekin, faseen arabera.

«Egitura hauek berreskuratzeak horiek ikusaraztea du helburu, testuinguru historikoan kokatuz, eta, bereziki, eraikuntzan parte hartu behar izan zuten pertsonen testuinguruan», nabarmendu dute Berako Udaletik. Izan ere, ‘Memoria Espazio’ gisa txertatu nahi da, interesa duten pertsona guztiek ezagutu eta bisita egin ahal ditzaten.

Zehaztu dute, bestalde, ‘Memoria duten gazteek” taldearekin goizetan egiten diren berreskuratze lanaz gain, beste hainbat jarduera burutzen ari direla Baztan eta Bortzirien inguruan, «ingurunea ezagutzeko eta, aldi berean, frankismoaren gerraosteko eta diktadurako garai ilunaz jabetzeko, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak bezalako balio garrantzitsuei buruzko gogoeta eginez».