GAUR8

1072. urtekoa den Iurretaren lehen aipamen historikoa oroitzeko ekitaldiak

1072ko abuztuaren 26an, Nafarroako Antso IV.a erregeak Donemiliaga Kukulako monasterioari eman zion Iurretako San Martineko Monasterioa. Iurretaren lehen aipamen historikoa den horren 950. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dute hilaren 25etik aurrera, gertakizun historikoa eta garai haietako Iurreta ezagutzera emateko.

Amatzako San Martin, irudian.
Amatzako San Martin, irudian. (Gerediaga Elkartea)

Iurretaren lehen aipamen idatziak 950 urte ditu, 1072. urteko abuztuaren 26koa da, Nafarroako Antso IV.a erregeak Iurretako San Martineko zenobioa Donemiliaga Kukulako Monasterioari eman zionekoa. Erregearen ondoan, Durangerriko Kondeak eta Bizkaiko Jaunak ziren Iñigo Lopez ‘Ezkerrak’ eta Toda Fortunez Ortiz de Aulestia emazteak sinatzen dute dohaintza.  

Gertakizuna ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu aipamen historikoa oroitzeko sortutako batzorde herrikoiak, Udala, Gerediaga eta Anderebide elkarteen laguntzarekin.

Ekitaldiak hilaren 25ean hasiko dira eta irailaren 7ra arte luzatuko dira. Izan ere, ostegun honetan bertan, 19.00etan, kanpai hotsak entzungo dira Iurretan, eta elizpean 2015ean jarritako herriko mahaiaren aldamenean gertakizuna gogoratuko duen plaka jarriko dute. Ondoren, musikariek alaitutako kalejira egingo dute kale eta tabernetan zehar.

Abuztuaren 26an, meza egingo dute Amatzako San Martin elizan, eta zenbait ekitadi izango da bertan meza ondoren.

Bi hitzaldi antolatu dituzte, halaber, urtemuga ospatzeko. Abuztuaren 31n, 1072ko Iurretari buruz mintzatuko da Armando Llamosas Rubio Lakuako Gobernuko Kultura Saileko arkeologoa.

Irailaren 7an, Ibarretxe Kultur Etxean, Juan Manuel Gonzalez Cemebellin Bilboko Elizbarrutiko museoaren zuzendariak Erdi Aroko elikadurari buruz hitz egingo du, eta aipatutako elikagai batzuk dastatzeko aukera izango da.

Erdi Aroa Iurretan, ibilbide batean

Beste proposamen bik osatzen dute egitaraua. Lehena, irailaren 3an Iurretako Erdi Arora hurbiltzeko bisita gidatua izango da, Amatza, Goiuria, Arandiako Santa Apolonia eta Iurretako parrokiatik igaroko dena. Bisita 23 pertsonako autobus txiki batean burutuko da. Hori dela eta, aurretik 616 490 506 telefono zenbakira deituta izena eman behar dela zehaztu dute.

Bigarren ibilbidea irailaren 4an izango da, Donemiliaga Kukulan. Bertan, dohaintzaren dokumentua gordetzen duen Becerro Galicano kodizea ikusteko aukera izango da. Parte hartzeko aurretik eman behar da izena, arestian aipatutako telefono zenbakira deituz.

Aurreratu dute, bestalde, gertakizuna oroitzeko zenbait idazle eta ikerlari ezagunek idatziriko lanak argitaratuko direla aldizkari formatuan.