GAUR8

Ardoaren eta arrainaren ibilbidea suspertuko dute Next Generation funtsek Lekeition eta Lea Ibarran

Europako Next Generation funtsen bi milioi euroko finantziazioa jasoko du Lekeition eta Lea Ibarran ardoaren eta arrainaren ibilbidea suspertzeko proiektuak. Aurreikusitako jarduketen artean, digitalizazioarekin eta energia-efizientziarekin lotutakoak daude.

Lakuako Turismo sailburua eta Lekitioko alkatea astelehenan egindako bisitan. Bide historikoen berreskurapena planen ardatzetako bat da, esan zutenez.
Lakuako Turismo sailburua eta Lekitioko alkatea astelehenan egindako bisitan. Bide historikoen berreskurapena planen ardatzetako bat da, esan zutenez. (IREKIA)

Lekeition eta Lea Ibarra eskualdean ardoaren eta arrainaren ibilbidea suspertzeko proiektuak jarri dira abian, Next Generation funtsen finantziazioarekin. Euskadiko Lurralde Planaren lehen deialdian sartu diren Euskadiko hamaika helmugetako bi dira, eta guztira bi milioi euro dituzte erdibana banatuta.

Proiektuaren aurrerapenak ezagutarazi dituzte aste honetan Javier Hurtado Lakuako Gobernu Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eta Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarrako Mankomunazgoko presidenteak.

Egitasmoek helburu bera dute: ardoaren eta arrainaren ibilbideko bide historikoa lurralde-konexioko elementu gisa suspertzea. Horretarako, hainbat jarduketa egingo dira, hala nola digitalizazio-ekintzak, energia-efizientziakoak eta baliabideak berreskuratzekoak.

Javier Hurtado sailburuaren hitzetan, funtsek ahalbidetuko dute «bide historikoek natura errespetatuko duen produktu turistiko bat sortzea, paisaia, ondare eta kultura elementuen balioa agerian jartzea, turisten fluxua ingurunean banatzea eta haien egonaldia luzatzea».

Identitatea, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea

Hurtadoren hitzetan, «finean, udalerriek eta eskualdeak identitate propioa duen, jasangarritasunean oinarrituta dagoen eta bizi-kalitatea hobetu dezakeen turismo eredu baten aldeko apustua egin dute».

Gainera, azpimarratu duenez, «Sailaren apustua da Euskadiko turismo-baliabideen balioa erakustea, jasangarritasunean oinarrituta eta lurraldeko turismo-eskaintzaren aniztasuna bultzatuz».

Hurtadok turismoaren haziera datuak ekarri ditu gogora, uztailean bisitarien ia %50 nazioartekoak izan direla nabarmenduz.

«Sektoreak gorriak ikusi ditu, baina udarako genituen aurreikuspenak oso datu onekin berresten ari dira», gaineratu du.