GAUR8

Ikasleentzako zinea Belodromora itzuliko da Zinemaldian, «Terra Willy: Planeta ezezaguna» filma eskainiz

Sei eta hamaika urte bitarteko haurrei zuzenduta, zientzia eta ikasleak protagonista dituen «Ikastetxeak Belodromora» hitzordua ohiko pantaila erraldoiko formatura itzuliko da aurten, “Terra Willy: Planeta ezezaguna” filmaren proiekzioa eskainiz.

«Terra Willy: planeta ezezaguna» filma eskainiko du «Ikastetxeak Belodromora» ekimenak.
«Terra Willy: planeta ezezaguna» filma eskainiko du «Ikastetxeak Belodromora» ekimenak. (Donostia Zinemaldia)

Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek eta Euskadiko Filmategiak antolatua, zientziaren irudi positiboa helaraztea eta hiriak ikerketa zientifikoarekin duen lotura handia ikusaraztea helburu dituen Belodromoko hitzorduak ohiko formatua berreskuratuko du aurten Zinemaldian, pantaila handiaren magia berreskuratuz.

“Donostia, Zinema Hiria, Zientzia Hiria” goiburua duen eskola-zinemaren azken bi edizioak geletan egin dira pandemia dela eta. Aurten, sei eta hamaika urte bitarteko ikasleek Belodromoko pantaila erraldoiaz gozatu ahal izango dute berriz, Eric Tostiken “Terra Willy: planeta ezezaguna” filmaren emanaldiarekin.

Istripu espazial baten ondoren, planeta ezezagun batean bizirik iraun behar duen eta, horretarako, robot baten eta izaki estralurtar baten laguntza izango duen haur bati buruzko istorioa kontatzen du euskaraz bikoiztua emango den filmak.

Emanaldiak, gainera, robot sozialen –gizakiei bizitza hainbat alderditan errazteko diseinatutako roboten– inguruko aurkezpen «labur eta original» bat izango duela aurreratu dute.

Horretarako, EHUko Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko (RSAT) Elena Lazkano irakasle eta ikertzailea eta Igor Rodriguez eta Unai Zabala informatikari eta ikerlariak gonbidatu dituzte.

Pandemia aurretik egindako sei saioek 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiagoren parte hartzea izan dutela gogoratu dute.

Saioak irailaren 16an (ostirala) goizez, eta 19tik (astelehena) 23ra (ostirala) egingo dira.