GAUR8

Ikertzaileen Europako Gauak zientziaz beteko du Bilbo ostiralean

Zientzia kaleetara eramango duten hainbat ekitaldi izango dira ostiralean Bilbon, ikerketa munduak egungo gizartearen erronka handiekin lotutako helburuak lortzeko egiten duen lana erakutsiz, harenganako interesa pizteko.

Pasa den ekainean, ikasleekin egindako ekimenetako bat, irudian.
Pasa den ekainean, ikasleekin egindako ekimenetako bat, irudian. (UPV/EHU)

Hainbat ekitaldi eta ehun ikertzaile ingururen parte hartzea izango du ostiral honetan Bilbon ospatuko den Ikertzaileen Europako Gauak. UPV/EHU kide den G-9ko unibertsitateek antolatuta, Europa mailan zientzia-dibulgazioko ekitaldi handienetako bat da, eta helburu nagusi bat du: ikertzaileen lana herritarrei hurbildu zientziarekiko ilusioa pizteko.

Ostiralekoa izango da Europako 370 hiritan ospatuko den gau berezi hori, eta Bolantin pasealekua izango du epizentroa. Ekitaldiak arratsaldean abiatuko dira, 17.00etan zabalduko den azokan.

Klima-aldaketari egokitzea, gizarte-eraldaketa eta hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak izango dira ikusgai izango diren ikerketa proiektuen gaietako batzuk.

Behaketa astronomikoa

Iluntzean, Bizkaia Aretoan urruneko behaketa astronomikoa egingo da, UPV/EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikerlariek gidatuta. Hitzordua streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, zehaztu dutenez.

Bilboko Areatzan, bestalde, “Zientzia kalean” erakusketak jarraitzen du ikusgai. Urriaren 3ra arte egongo da bertan, eguneroko objektuen atzean dagoen zientzia erakutsiz.

Hainbat hitzaldi dakartza egitarauak, halaber, “Zientzia zirkularra” programaren barruan. Urriaren 5era arte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako LH, DBH eta Batxillergoko ikasleekin konektatuko dute ikertzaileek bideokonferentzia bidez. Ea 3.000 ikaslek hartuko dute parte.

Estatu espainoleko bederatzi unibertsitatek osatzen duten (G-9) antolatuta, ekimena “Go for de Missions” Europako proiektuaren testuinguruan prestatu du UPV/EHUk, ohar batean azaldu duenez.  

«G9Missions Europako Batasunak abian jarri dituen bost ikerketa- eta berrikuntza-misioetan oinarritzen da, mundu osoko gizarte-arazo handiei irtenbideak planteatzeko helburuarekin», zehaztu dute.

Minbizia, klima-aldaketari egokitzea, gizarte eraldaketa, ura eta ozeanoak, hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak eta lurzoruen osasuna eta elikagaiak dira planteatzen dien gai nagusiak.