GAUR8

Ehun mila irudi historiko zabaldu ditu Photo-Araba atariak

Ekainean jaio zen, 50.000 argazki historiko bilduz eta 100.000 plazaratzera heldu da Photo-Araba Arabako Artxibo abian jarritako proiektua. Arabako Foru Aldundiak nabarmendu duenez, balio handiko bilduma zabaltzeko aukera eman du egitasmoak.

Photo-Araba atariak bildutako irudietako bat.
Photo-Araba atariak bildutako irudietako bat. (PHPTO-ARABA)

Arabako Artxiboak Foru Aldundiaren argazki ondarea zabaltzeko sortutako ataria da Photo-Araba, eta ehun mila irudi dira jada Interneten bidez zabaldu dituenak.

Arabako Diputazioak nabarmendu du etengabe hazten ari den kultura proiektua dela Photo-Araba. Egitasmoa pasa den ekainean abiarazi zuten, 50.000 argazki plazaratuz. «Sei hilabete baino gutxiago igaro ondoren, bikoiztu egin da bolumen hori, eta doako kontsulta eta deskargarako argazki historiko gehien dituen» EAEko webgunea bihurtu da.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak Artxiboko argazki bildumak publikoki ahalik eta modurik eskuragarrienean kontsultatu ahal izateak duen garrantzia azpimarratu du, «bai herritar guztiei haien balio handia ezagutarazteko, bai etorkizunerako kontserbatuko direla bermatzeko».

Atariaren erabiltzaileen datuak zehaztu dituzte: 195.063 kontsulta jaso ditu.

Erakusketa birtual berri bat du azokak, 1954. urtean Deportivo Alaves lehen mailara igo zenekoa. Orain arte, espezialistek egindako bost erakusketa tematiko argitaratu dira, atariko argazkiak erabiliz. Izan ere, irudien bidez, herrialdeak eta Arabako gizarteak azken 150 urteetan bizi izan duen eraldaketa ikus daitekeela azpimarratu dute.

Datozen hilabeteetan, edukiak areagotzen jarraituko du atariak, irudiak atal ezberdinetan banatuz.