GAUR8

«Mugarik gabeko Gazte Justizia» Saria jaso du Cesar San Juan irakasleak

Justizia sistemarekin harremanetan jartzen diren haur eta gazteen eskubideen babesean lan egiten duen Gazte Justiziaren Nazioarteko Behatokiak Cesar San Juan UPV/EHUko irakaslearen ibilbidea saritu du.

Cesar San Juan UPV/EHUko irakaslea, sariarekin.
Cesar San Juan UPV/EHUko irakaslea, sariarekin. (UPV/EHU)

‘Mugarik gabeko Gazte Justizia’ Saria jaso du Cesar San Juan UPV/EHUko Psikologia Juridikoko eta Psikologia Kriminaleko irakasleak, «esparru akademikoan egin duen ibilbide profesionalagatik».

Psikologia, kriminologia eta gazte-justizia batzen dituen ikerketa da San Juanen lan esparrua. Irakasleak berak azaldu duenez, saria ez da bakarik berea baizik eta esparru horretan lan egiteko aukera eman dioten pertsonena ere. Estefania Ocariz doktorea aipatu du bereziki, harekin batera EAEko gazte justiziaren sistema ebaluatzen emandako 20 urteak nabarmenduz.

Herrialde baten bilakaeraren adierazlea

Azpimarratu du, bestalde, saria «nire bizitzan zehar hainbat lankidetza proiektutan ezagutu ditudan adingabe guztiena» ere badela. Adierazi duenez, gazte «horiengandik ikasi dut herrialde baten bilakaeraren adierazle nagusia herrialdeak berak adingabeak nola tratatzen, zaintzen eta hezten dituen izaten dela».

Saria eman dion Gazte Justiziaren Nazioarteko Behatokiak Bruselan egoitza duen fundazioa da, eta 2002. urtetik ari da lanean justizia sistemetan sartzen diren haur eta gazteen eskubideak sustatzeko eta eskubide horiek bermatzen dituzten nazioarteko estandarren ezarpena bultzatzeko».

Fundazioak legearekin gatazkak dituzten problematikak jorratzea eta «diziplinarteko ikuspegi plural batetik, errealitate eta kultura desberdinekiko sentikorra den ikuspuntu batetik» haur eta gazteen eskubideak babestea eta bizitzak hobetzen laguntzea ditu helburu, gogoratu du UPV/EHUk.

Cesar San Juan Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaile eta International Research Centre of Delinquency. Marginality and Social Relationships zentroko zuzendaria da. Belgikan kokatutako behatokiak zentroko zuzendari gisa egindako lan hori eta Latinoamerikako eta Afrikako hainbat herrialdetan garapenerako lankidetza proiektuetan egin duen koordinazio lana ere saritu ditu.