Film laburrak aurkezteko epea zabaldu du «Kimuak» programak

Maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik «Kimuak» programaren aurtengo edizioan parte hartzeko epea. Komertzialki estrenatu gabeko film laburrak daude deituta.

Irudian, Kimuak programak Zinemaldian jaso zuen saria.
Irudian, Kimuak programak Zinemaldian jaso zuen saria. (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Gobernuak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez antolatu eta Zineuskadi elkarteak kudeatzen duen Kimuak programaren 2023ko edizioan parte hartzeko deialdia abian da. Laburmetraiak aurkezteko epea maiatzaren 8ra bitarte egongo da zabalik.

Programak Euskadiko Filmategiaren laguntza du, eta aukeratzen diren filmak ‘Kimuak’ deiturapean jaso eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekitaldi garrantzitsuenetara bidaliko dira, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

«Udaberriarekin batera euskal laburgintzan ernatzen diren kimuak jasotzen ditugu, munduko txoko guztietara eramateko», bota dute mezua egileak lan berriak aurkeztera animatzeko.

30 minututik beherako iraupena

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek 30 minututik beherako iraupena duten filmak bidali beharko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2022eko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, iazko berrikuntza mantenduz, Euskal Hirigune Elkargokoez gain, Nafarroako euskarazko film laburrak ere onartuko dira. EAEko lanei dagokienez, edozein hizkuntzatan egindakoak izan daitezke. Film laburrek komertzialki estreinatu gabeak izan behar dute.

Zinemaldi baten testuinguruan plataforma publikoren baten bitartez hedatuak izan diren lanen onarpena ebaluatuko da. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa ‘Kimuak’-en webgunean daude eskuragarri.