GAUR8

Egokitu udako campusak izen-ematea zabaldu du, gazteak uniberstitate mundura hurbiltzera animatuz

«Zer izan nahi duzu handitan?» galdera bota dute EHUko Egokitu udako campusaren edizio berri bat aurkezteko. 2006 eta 2008 urteen artean jaiotakoei zuzenduta, unibertsitatean era ludiko batean jakintza arlo ezberdinetara hurbiltzea da proposamenaren helburua.

Maiatzaren 2ara arte eman ahal da izena Egokitu udako campusean.
Maiatzaren 2ara arte eman ahal da izena Egokitu udako campusean. (UPV/EHU)

Hamabost eta hamazazpi urte bitarteko gazteei zuzenduta, Egokitu udako campusa EHUko Gipuzkoako Campusak antolatzen du Foru Aldundiarekin lankidetzan, modu ludikoan nerabeak unibertsitate mundura hurbiltzeko.

Deialdiak bederatzi programa eskaintzen ditu, jakintza arlo guztiak kontuan hartuko dituztenak. Horrela, egitarauak laborategi kimikoetako saiakuntzak eta misterioak aipatzen ditu, energia berriztagarriekin egindako esperimentuak proposatzen ditu, scape room-etaz hitz egiten du, robotetaz edota etxebizitza bat egiteko tailerretaz, besteak beste.

Lehen helburua unibertistatera hurbiltzea da, eta DBHren amaieran edo Batxillergoaren hasieran orientazio akademikoan laguntzea, baina bigarren helburu bat du ekimenak: unibertsitatea barrutik ezagutzea eta irakasle ikertzaileen ondoan lan egin ahal izateko aukera ematea.

Bi txanda

Aurtengo edizioa 2006 eta 2008 urteen artean jaiotakoentzat izango da, eta bi txanda izango ditu: ekainaren 26tik 30era eta uztailaren 3tik 7ra. Egitarau horren barruan aste bat edo bi aste aukeratu ditzakete parte hartzaileek goizeko ordutegian, 9.30etik 14.00etara. Campuseko jantokiak, gainera, zabalik egongo dira programa garatzen den bitartean.

Izena emateko epea maiatzaren 2ra arte egongo da irekita, Egokitu programaren webgunean. Behin inkripzioa itxita hurrenkeraren arabera esleituko dira plazak, zehaztu dutenez.

Edizio berria, gainera, partaidetza berriekin dator, Psikologiako Fakultatea eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako egoitza sartu baitira programan.