GAUR8

Master eta graduondokoetan aurrez izena emateko epea zabaldu du EHUk

EHUk berezko master eta graduondokoen aurreinskripzio epea zabaldu du, eskaintzen dituen aukeren ugaritasuna azpimarratuz. Iraupen ezberdinetako prestakuntzak daude katalogo zabalean, unibertsitateko titulazioa dutenentzat eta ez dutenentzat zenbait kasutan.

EHUko Leioako Campusa, irudian.
EHUko Leioako Campusa, irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Berezko master eta graduondokoen aurreinskripzio epea zabaldu du EHUk. Iraupen ezberdineko 121 proposamenez osatuta, lan bizitzan zehar prestakuntza eguneratzeko behar ezberdinei erantzuten die eskaintzak.

Izan ere, ibilbide profesionalean zehar ager daitezkeen beharretan jarri du fokua EHUk, «bizialdi osoko prestakuntzan ezagutza eguneratzeko beharrari, eta, bereziki, erakundeetan eta enpresa-munduan etengabe berritzeko beharrari» begiratzen dietela nabarmenduz.

Eskaintza zabal horren barruan, iraupen laburreko prestakuntzak daude, «eta haien ezaugarrien arabera, unibertsitatekoak zein unibertsitatekoak ez direnak sar daitezke», zehaztu dute. Aurreko ikasturtean, 1.500 lagunek jarraitu zuten formazio eskaintza hori.

Etengabeko Prestakuntzako graduondoko tituluak, berriz, unibertsitateko titulazioa duten ikasleentzako dira. Jakintza arlo guztietan eskainita, 121 tituluk ireki dute aurrematrikulazioa datorren ikasturterako. Formazio horretan, batez beste mila lagun inguru izaten dira ikasturte bakoitzeko, emandako datuen arabera.

Etengabeko prestakuntzak EHUn duen tradizio handia azpimarratu du Montse Maritxalar errektoreordeak. Adibide gisa 30 urte baino gehiagoko ibilbide arrakastatsua duten Marketin eta Merkataritza Zuzendaritza Masterra edota berriagoa den Enpresari Aplikatutako Ekonomia Zirkularreko masterra aipatu ditu.

Iraupen ezberdineko ikastaro modularrak

Etengabeko Prestakuntzako Master ezagunez gain, «iraupen desberdineko beste ikastaro modular batzuk eskaintzen dira, titulu desberdinetarako sarbidea ematen dutenak eta, lortu ondoren, adar bereko prestakuntza zabalagoak egiteko aukera ematen dutenak», azpimarratu du unibertsitate publikoak.

Adibide gisa aipatu dituzte «unibertsitate espezializazioko tituluak (30-59 kreditu) eta unibertsitate aditu tituluak (15-29 kreditu) unibertsitate tituludunentzat, eta unibertsitate hedapeneko diplomak (60 kreditu arte) biztanle guztientzat.

Unibertsitate hedakuntzako ikastaroen katalogoan, bestalde, 60 kreditu baino gutxiago irauten duten proposamenak daude eta horietako batzuk unibertsitateko titulurik ez duten lagunei irekita daude.

Prestakuntza ildo berri bat dago, gainera, ‘Mikroegiaztagiriak’ atalean. Prestakuntza horiek 15 kreditu baino gutxiagoko iraupena dute eta «profesionalen espezializazioa eta birkualifikazioa lortzera bideratuta daude».

Azpimarratu dute, era berean, aukera dutela Lanbide Heziketako hainbat titulazio lortu dituzten profesionalek Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Unibertsitate Hedapeneko Diploma egiteko. Zehaztutakoaren arabera, diploma horrek lanbide-heziketa arautuan irakasteko gaitzen du, besteak beste Ile-apainketa edo Soldadura jakintza arloetan.