GAUR8

Ondarearen kontserbaziorako material jasangarriak garatuko dituen proiektu bat gidatuko du EHUk

EHUko ikertzaileek gidatuko dute kultur ondarearen kontserbazioan material eta prozedura jasangarriak garatzeko ‘Enclosure’ proiektua. Egitasmoan Europako beste bost unibertsitatek hartzen dute parte.

Material berrien ikerketa, irudian.
Material berrien ikerketa, irudian. (EHU)

Ingurumena errespetatzen duten materialak eta prozedurak garatzeko proiektu bat jarri dute abian Europako bost unibertsitateren parte hartzearekin. Egitasmoak ‘Enclosure’ du izena, New Generation funtsen bidez finantzatuko da eta EHUko ikertzaileek gidatuko dute.

Azken hamarkadetan kultur ondarearen kontserbazioan material eta konponbide berritzaileen erabileran ikusitako hutsuneari erantzuten dio ikerketak. «Azken erabiltzailearentzako arriskutsu gerta litezkeenak edo ekotoxikoak ahalik eta gutxienera» murriztea da gakoa, baina «oso teknologia eta material gutxi jo daitezke zeharo jasangarritzat ingurumen ikuspegitik», azaldu dute.

Hala ere, bide berriak zabaltzen dituzten materialak agertu dira. Plano horretan kokatzen dituzte jatorri naturaleko polimeroetan oinarritutako gelak: xantano goma edo agarra, esaterako. Azken hauek «ordezko esperantzagarriak» dira astoko pinturen eta eskulturen garbiketan.

Lurrean polimero natural ugariena den zelulosa ere gelak egiteko erabili daitekeela nabarmendu dute. Berez, zelulosa erabiltzen da dagoeneko kontserbazio lanetan, gatz kristaldunak xurgatzeko enplastuetan, eta aldi berean nanozelulosen potentziala aztertzen ari da, «adibidez, paper, oihal edo zur gaineko lanen kontserbazioan erabiltzeko».

Biopolimeroen azterketa

Ildo beretik, ‘Enclosure’ proiektuan protagonismo handia izango du biopolimeroen erabilerak, zehazki nanozelulosak eta bakterio zelulosak. «Formatu askotariko zelulosa materialak garatu nahi ditugu, besteak beste, hormako eta astoko margolanen iraganeko zaharberritzeetako gatzak, zikinkeria eta hondakin organikoak kendu ahal izateko», azaldu du Maite Maguregui Farmazia Fakultateko Kimika Analitikoko irakasleak.

Maguregui eta Erlantz Lizundia EHUko Ingeniaritza Eskolako irakaslea izango dira proiektuko ikertzaile nagusiak. Lizundiak zehaztu duenez, «diziplina anitzeko proiektua» da ‘Enclosure’, materialen arloko esperientzia eta ondarearen azterketan eta kontserbazioan aplikatutako kimika arloa uztartuko dituena.

Proiektuan, natur zientzietako, materialen ingeniaritzako eta kontserbazioko beste hamasei ikertzaile arituko dira elkarlanean, eta zehaztu dutenez, hormako eta astoko pinturen erreprodukzioetan garatutako materialen eraginkortasuna baliozkotzea izango da egitasmoaren «alderdi funtsezkoenetako bat».