Nerea Goti

‘Entrenatzen’ izeneko proiektu bat, kirolari gazteen artean euskara bultzatzeko

Bilboko Deustualdean, lau kirol taldetan eta lau ikastetxetan euskara biziberritu eta kirol komunitatea euskararen alde aktibatu duen ‘Entrenatzen’ izeneko proiektura hurbilduko da GAUR8 hurrengo alean, euskararentzat irabazi diren espazio berriak ezagutzera.

Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak bultzatutako proiektua da ‘Entrenatzen’, Bilboko Deustualdean lau ikastetxe eta lau kirol elkartetan garatu dutena. Haur eta nerabeen artean euskara biziberritzea izan da helburu nagusia, eta horretarako kirola bezalako eremu «estrategikora» hurbildu dira. 

Proiektuak bi erronka nagusi izan ditu: «Haurren ahozkotasuna lantzea» eta «horren bitartez, kirol komunitatean euskara txertatzen joatea», eta kirol elkarrizketak izan dira proiektuaren gakoak.

Izan ere, asmoa ere motibatzea izan denez, baita eskolako mugak gainditu eta euskararen erabilera aisialdian normalizatzea, kirolari gazteei bideoz grabatutako elkarrizketak izan dira ariketa nagusia.

Gogoak eta konpromiso berriak

Ez da grabazio hutsa izan, aurretik lanketa berezi bat egin dute eragile ezberdinekin: zuzendaritza taldeetako ordezkariekin, gurasoekin, entrenatzaileekin eta irakasleekin. Formazio saio horiek haur eta nerabeekin ere egin dituzte, elkarrizketa bera lantzeko.

Ariketa xumeak beste urrats eta begirada batzuk ekarri ditu. Horrela azaldu dute egitasmoan parte hartu duten kirol elkarte ezberdinetako ordezkariek. Gogoaz, konpromiso berriez eta gaztetxoek gozatu duten esperientzia batetaz hitz egiten dute protagonistek, jarraitzeko gogoarekin, kirolaren eremuan talde eta ikastetxe horietan ateak zabaldu berri baitira euskararentzat, eta urrats gehiago ekarriko dituen bide horretan jarraitzeko asmoa azaldu dute, «ekosistema» berri hori handituz.