GAUR8
Gaur X urte

Gaur dira 89 urte Mikel Laboa jaio zela

Ekainaren 15ekoa zen Mikel Laboa eta 89 urte beteko lituzke gaur musikari donostiarrak. ‘Txoria txori’ edo ‘Izarren hautsa’ bezalako ereserkien egilea izan zen eta euskal kantagintza markatu zuten erreferenteetako bat.

Mikel Laboa.
Mikel Laboa. (Wikimedia Commons)

Mikel Laboa Donostian jaio zen gaurko egunez 1934an, duela 89 urte alegia. Euskal abeslaria eta musikagilea izan zen, baita medikua ere. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen eta euskal kantagintzaren berrikuntzan garrantzi handia izan zuen. ‘Lekeitioak’ deituriko kantuak horren adibide ezin hobea dira. Bere diskoen artean, 1974ko ‘Bat-hiru’ izan zen arrakastatsuena, Euskal Herrian ereserki bihurtu diren kanta jasotzen dituena, hala nola, ‘Txoria txori’.

Donostian jaio bazen ere Lekeition igaro zuen haurtzaroaren parte bat, 36ko gerran hara ihes egin baitzuten zazpi senideek amarekin batera, aita Frantzian zen bitartean. Gerra bukatutakoan denak Donostian elkartu ziren berriz eta 16 urterekin gitarra jotzen hasi zen Laboa.

Medikuntza ikasi zuen, Madrilen lehenengo eta Iruñean gero. Gaiarre antzokian egin zuen, hain zuzen ere, bere lehen kontzertua, Violeta Parra eta The Beatlesen bertsioak joz. Zaragozan jarraitu zituen ikasketak eta bertan eman zuen euskarazko lehen kantaldia, 1962an, bera bezala han ikasten ari ziren ikasle euskaldunentzat.

Neuropsikiatria espezialitatea Bartzelonan egin zuen eta Kataluniako ‘Nova cançó’ eta ‘Els Setze Jutges’ mugimenduak ezagutu zituen. Bertan sortu zuen lehen kanta, Gabriel Arestiren ‘Apur dezagun katea’ olerkiari musika jarriz.

Euskal Herrira itzulitakoan Ez Dok Amairu taldea sortzen hasi zen, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai, Julen Lekuona, Xabier Lete, Jose Antonio Vilarrekin batera, beste batzuen artean. Bitartean, bakarkako lanak ere egin zituen Laboak.

1967tik aurrera Donostiako San Miguel patronatuko Haurrentzako Neuropsikiatria Unitatean ibili zen mediku lanetan. 1978an musika ibilbidean etena egitea erabaki zuen eta 6 urtez ez zuen kantaldirik eskaini. Azken kontzertua 2006ko uztailaren 11n eman zuen Zurriola hondartzan eta bi urte geroago hil zen, Donostian bertan, 74 urte zituela.