GAUR8

Euskal kulturaren eta sukaldaritzaren jatorria lau saltsaren bidez kontatuta, Igartubeitiko ‘Mundua 4 zaporetan margotuta’

Igartubeitin ikus daitekeen ‘Mundua 4 zaporetan margotuta’ erakusketak euskal kultura eta gastronomiaren historian zeharreko bidaia proposatzen du, lau saltsaren bidez. Bisitekin batera, dastatzeak eta tailerrak proposatzen ditu baserri museoak.

Urte amaierara arte, ‘Mundua 4 zaporetan margotuta’ erakusketa ikusi ahal izango da Igartubeiti Baserri Museoan. Proposamenak lau saltsatan jartzen du fokua, euskal kulturaren eta sukaldaritzaren jatorria eta berezitasuna ezagutzeko, eta beste osagai batzuk ditu: bisita gidatuak, dastatzeak...

Erakusketaz aurreratu dute «lau saltsa enblematiko horien historiaren bidez» informazio osatuago bat eskuratu ahal dela, «beste zibilizazio batzuen ekarpenak, kondairak, uztartzeak, errezetak...» ezagutuz. Era horretara, «euskal gastronomia bere historiaren bidez hobeto ulertzeko osagai guztiak» aurkituko ditu bisitariak.

Historia horri lotutako baserria

Markoa ere paregabea da, Igartubeiti dolare-baserria bera historia horren zati garrantzitsu bat biltzen baitu. Gogoratu dutenez, gastronomiarekin oso lotuta dago, «artatxikitik hasi eta XVI. mendean Ameriketatik iritsitako artora arte». Horrek baserriaren arkitektura eraldatu zuen aletegi batez hornituz, baina sagardoa izan da ardatz nagusia, «sagarrak prentsatzeko eta ondoren sagardoa egiteko erabiltzen zen dolare» handiarekin.

Erakusketa bisitatzeak denboran zehar hainbat espazio berezitan bidaiatzeko aukera ematen du. Mugikorraren bidez bisita autogidatua egin daiteke, gastronomia liburutegiaz gozatu eta «euskal erara» erretratazeko aukera ere badago.

Horren ondoan, hainbat jarduera espezifiko eskaintzen dira, Gastromuseums sarearen laguntzarekin diseinatuta. Era horretara doako bisita autogidatuen ondoan, ‘Euskadi gastronomika’ bisitak gilda pintxoa eta sagardo kopa eskaintzen ditu helduentzako, eta txokolatezko piruleta eta sagar zukua 14 urte arteko gaztetxoentzat.

‘Gastromuseums bisita’ proposamenari dagokionez, bestalde, sareak eskainitako dastaketa bereziak egingo dira uztailaren 30ean eta abuztuaren 20an.

Zehaztu dutenez, beharrezkoa da izena ematea, webgunearen bidez, edo 618 00 41 31, 943 72 29 78 eta 943 72 51 07 telefono zenbakietara deituz.