Donostiako Aquariumak "Bermiu" dortoka itsasoratu du hiru hilabetez zaindu ostean

Caretta Caretta espezieko itsas dortoka da, maiatza amaieran Bermeoko portutik bost itsas miliatara flotatzen aurkitu zuten, eta indarberritu ostean itsasoan askatu dute berriz.

Donostiako Aquariumak "Bermiu" dortoka itsasoratu du gaur goizean, hiru hilabetez bere instalakuntzetan zaindu ostean. Caretta Caretta espezieko itsas dortoka da, maiatza amaieran Bermeoko portutik bost itsas miliatara flotatzen aurkitu zutena, eta indarberritu ostean itsasoan askatu dute berriz.

Zehazki maiatzaren 27an hasten da istorio hunkigarri hau. Egun hartan, Plentziako Itsas Estazioko SAREUS zerbitzuak SOS Deiak-en abixua jaso zuen, kirol-arrantzako ontzi batek Bermeotik bost miliatara uretan flotatzen ari zen itsas dortoka bat jaso zuela esanez. Animalia Gorlizko egoitzara eraman zuten lehenik, eta horrelako kasuetan ohikoa den albaitaritza-zaintza egin ostean, dortoka ekainaren 7an iritsi zen Donostiako Aquariumera.

Une horretan, "Bermiu"k 20 zentimetro neurtzen zituen eta 1,295 kilo pisatzen zituen. Aquariumeko biologoek hasieratik ikusi zuten dortokak ez zuela birika infekziorik eta igeriketa egokia zuela. Ondoren egindako odol analisietan eta ekografian ere ez zen osasun arazo larririk aurkitu. Horregatik, biologoen lan nagusia animaliari elikadura egokia ematea izan da, pisua hartu eta indartzen joateko.

Eta zer jaten dute ba itsas dortoka hauek? Menuaren oinarria antxoak, sardinak, txibiak eta karramarroak izan dira. Aquiariumeko arduradunek zehaztu dutenez, arrain urdina oso gustora jan du, eskainitako elikagaiak ongi onartu ditu, nahiz eta txibiak jatea gehixeago kostatu. Bitamina batzuk ere eman dizkiote, D bitamina batez ere, eta hiru hilabetean 700 gramo baino gehiago irabazi ditu "Bermiu"k.

Azkenean, osasun egoera bikainean zegoela ikusita, bi kilo inguruko pisuarekin askatu dute gaur "Bermiu", Kontxako badiaren kanpoaldean, arrantzaleek "Pankera" deitzen dioten inguruan, kostaldetik itsas milia batera gutxi gora behera. Aquiariumeko biologo taldeko kideek "Satanas" ontzian eraman dute dortoka eta komunikabideok "Aita Julian IV" ontzitik jarraitu ahal izan dugu askatze prozesua. «Egun oso berezia da gaurkoa Aquariumeko taldearentzat. Itsasora itzultzen dugun 20. dortoka da eta oso pozik gaude», adierazi du Esther Irigaray Aquariumeko zuzendariak.

Jarraipen zehatza

Hala ere, istorioa ez da hemen amaitzen. Biologoek ez dakite ziur "Bermiu" Mexikoko Golkotik edo Cabo Verde ingurutik heldu zen euskal kostaldera, eta horregatik, dortokari transmisore bat jarri diote hemendik aurrera egingo duen ibilbidea jarraitzeko. Oskol gainean ipini diote, ez omen dio inolako trabarik egiten, eta informazio horri esker espezie honen ohiturak hobeto ezagutzeko aukera izango dute biologoek.

Jarraipen prozesuaren alderdi teknikoaz Tragsatec arduratuko da eta enpresako ordezkariek ere bertatik bertara jarraitu dute askatze prozesua. Azaldu dutenez, transmisorea egiteaz enpresa estatubatuar bat arduratu da eta duen ezaugarri nagusia da lau eguzki panel dituela. Modu horretan, dortoka ur azalera irtetzen den bakoitzean bateria kargatu eta seinale bat bidaliko du satelite bidez, bere kokapen zehatza jakinaraziz.

Gaineratu dutenez, jarraiopen hau oso garrantzitsua da kontserbazioaren aldetik, itsas dortokak migratzaileak direlako eta oso garrantzitsua delako zer eremu zeharkatzen dituzten jakitea. Baliteke Ozeano Atlantikoa zeharkatzea edo baliteke Cabo Verde aldera joatea. Bi ibilbide horietakoren bat ez jarraitzea ezusteko handia omen litzateke. Transmisoreak zenbat denborako iraupena izango duen ezin da jakin, hainbat faktoreren mende dagoelako: oskoletik ez askatzea, zati delikatuena den antena ez puskatzea... Baina iraupen luzea izatea espero dute ekimenaren bultzatzaileek.